Mundua -

Sozialisten primarioak

Benoit Hamon izango da sozialisten presidentegaia hauteskundeetan

Botoen % 60 zenbatu direnean, Manuel Vallsi gailendu zaio Frantziako Alderdi Sozialistaren primarioetako bigarren itzulian

Benoit Hamon. Argazkia: EFE
Benoit Hamon. Argazkia: EFE
Ezkerra batzea da Benoit Hamonen erronka nagusia

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benoit Hamon Frantziako ministro ohiak irabazi du Frantziako ezkerraren primarioetako bigarren itzulia, lehendabiziko datuen arabera. Hamonek botoen % 58,65 eskuratu ditu, eta, horrenbestez, Manuel Valls (% 41,35) lehen ministro ohiaren aurretik geratu da.

Hauteskundeetako botoen zenbaketaz arduratzen den erakundeko arduradunek hauteskunde mahaien % 60 zenbatutakoan eman dituzte ezagutzera datuak.

Guztira bi milioi pertsonak parte hartu dute sozialisten primarioen bigarren itzulian, eta 1,6 milioi hauteslek eman zuten botoa lehendabiziko itzulian. Frantziako eskuinaren primarioetan (abenduan egin zituzten), berriz, 4 milioi pertsonak eman zuten botoa.

Horrenbestez, garaipen argia eskuratu du Hamonek, sozialisten alde ezkertiarrenaren ordezkariak. Gainera, François Hollande egungo Frantziako presidentearekin ere oso kritiko jardun du.

Hamon: "Ezkerrak burua altxatu du berriz ere"

Benoit Hamonen iritzian, bere garaipenarekin "ezkerrak burua altxatu du berriro". Hauteskunde primario horietako datuen berri izandakoan egin dituen lehen adierazpenetan iragarri duenaren arabera, hitzarmena bilatuko du muturreko ezkerraren eta ekologisten ordezkariekin.

Manuel Vallsen aurka lortu duen garaipen argia ospatzeko egin duen agerraldian aurreratu du astelehenean bertan deituko diela Jean-Luc Mélénchon neokomunistari eta Yannick Jadot ekologisten buruari (biak ala biak apirileko hauteskundeetan hautagaiak) "gehiengo bat eraikitzeko".

"Sozialistak elkartzeari ekin nahi diot", esan du Hamonek, bere alderdiko bi agintari handi, Michel Rocard eta François Mitterrand, omendu aurretik. Mitterrandi buruz esan du "ezkerraren batasuna" lortu zuela.

Hamonen esanetan, "ezker biziaren eta kartsuaren garaipena" izan da, "berriz ere burua altxatu eta etorkizunari begiratzen dion ezkerraren garaipena".

Hamonek 49 urte ditu, eta Hollanderen Gobernuan egon zen 2014ko abuztura arte. Datozen hilabeteotan, baina, lan handia egin beharko du hurrengo presidentea hautatzeko hauteskundeetara begira egindako inkestek egin dituzten iragarpenei buelta emateko; izan ere, une honetan bosgarren postua ematen diote. Oraingoz, aurretik ditu Marine Le Pen ultraeskuindarra, François Fillon kontserbadorea, Emmanuel Macron Ekonomia ministro ohia eta Jean-Luc Mélenchon esker muturreko ordezkaria.

Oso programa berritzailea dauka, eta 18 urtetik gorakoentzat errenta unibertsala ezartzeko asmoa nabarmentzen da bertan. Horren arabera, 750 eurora iritsiko da apurka-apurka.

Vallsek porrota onartu du

Emaitzak ezagutu ostean, bere porrota aitortu du Manuel Vallsek, eta Hamonek "argi eta garbi irabazi du", esan du. "Gure familia politikoaren hautagaia da" eta " berari dagokio ezkertiarrak batzea", gaineratu du.

Bestalde, Vallsek azpimarratu du primarioen arauak errespetatzen dituela, eta, beraz, baita emaitzak ere. Gainera, "hauteskunde-kanpaina kalitatezkoa" izan dela adierazi du, François Hollandek parte hartzeari uko egin ostean, "ustekabeko baldintzak" izan arren.

Ez du pistarik eman etorkizunean egingo duenaz, baina "porrotak politikaren eta demokraziaren parte dira", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Frantzia Manuel Valls argazkiak Gaurko azken orduko albistea