Mundua -

Frantzia

Fillon: 'Akatsa izan zen emaztea eta seme-alabak kontratatzea'

François Fillonek barkamena eskatu du, baina bere familiartekoei emandako lanak "legezkoak eta gardenak" zirela erantsi du eta "difamazio kanpaina" baten biktima dela salatu du.

François Fillon eta Penelope emaztea. Artxiboko argazkia
François Fillon eta Penelope emaztea. Artxiboko argazkia
François Fillon eta Penelope emaztea. Artxiboko argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Fillonek aitortu du "akatsa" izan zela emaztea eta seme-alabak Parlamentuko laguntzaile gisa kontratatu izana eta barkamena eskatu du horregatik, baina “legezkoa” zela erantsi du.

Ikusmin handia piztu duen agerraldian, Parisen, hautagai kontserbadoreak onartu du "akatsak" egin dituela, baina Frantziako hauteskundeetan bere porrota helburu duen "difamazio eta kalumniazko kanpaina" baten biktima dela salatu du.

"Nire familiartekoei lana ematea akatsa izan zen eta barkamena eskatzen dit Frantziako gizarteari. Iraganean ohiko zen hori, baina egun horrela jardutea arbuiatzen dute frantziarrek. Lehen horrek konfiantza eragiten zuen bitartean, egun konfiantza-eza pizten du", adierazi du.

Fillonek argudiatu du "konfiantza karguak zirelako" eman zizkiela lanpostu horiek Penelope emazteari eta Charles eta Marie seme-alabei. Ildo horretan, dena "legearen baitan" egin zela azpimarratu du.

Hautagai kontserbadoreak gaineratu du duela hiru urte, herritarren gehiengoa horrelako jokabideen aurka zegoela ohartu zenean, eten zituela aipatu kontratazioak.

Horrez gain, bere emaztearen eta seme-alabek jasotako ordainsariaren zenbatekoa Internet bidez publiko egingo duela iragarri du. "Soldata justuak eta gardenak izan dira", esan du.

Emazteari dagokionez, Sarthe hauteskunde barrutiko gaiez arduratzen zela eta Parlamentura horregatik joaten ez zela azaldu du.

"Gauza txikiak egiten zituen, bakarka, interesik gabekoak direla ematen dutenak, baina aldi berean ezinbestekoak direnak", adierazi du.

Nolanahi ere, emazteak irabazitako dirua itzuliko ez duela jakinarazi du, "egindako lanaren truke jasotakoa delako".

Hautagaitzari eutsiko dio

Bestalde, Fillon ziur agertu da justiziak errugabe joko duela eta, beraz, uko egin dio Frantziako presidente izateko hautagaitza erretiratzeari.

Kontserbadoreen hauteskunde-programa aurrera eramateko gai den pertsona bakarra bera dela esan du eta inkestei sinesgarritasuna kendu die, abenduko primarioetan berak irabaziko zuela asmatu ez zutela gogoratuta

"Ezergatik ere ez diot nire hautagaitzari uko egingo", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia bideoak Albisteak Hauteskundeak Frantzia