Mundua -

AEB

Donald Trumpek datorren astean sinatuko du migrazio agindu berria

Horrez gain, Sirian eta Ekialdeko Hurbileko hainbat herrialdetan segurtasun eremuak sortuko dituela zin egin du, gatazketatik ihes egiten duten pertsonentzat.

Donald Trumpen artxiboko argazkia. EFE
Donald Trumpen artxiboko argazkia. EFE
Migrazio agindu berria sinatuko du Donald Trumpek datorren astean

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak larunbatean Floridan baieztatu zuenez, etorkinei eta errefuxiatuei buruzko beste agindu exekutibo bat aurkeztuko du datorren astean. Horrez gain, Mexikoko mugan horma "laster" eraikiko duela iragarri du.

Epaile federal batek urtarrilean sinatutako migrazio betoa bertan behera uzteko emandako agindua kritikatu zuen Trumpek, Orlando Melbourneko (Florida) Nazioarteko Aireportuan larunbat arratsaldean antolatutako ekitaldian. Poliziak emandako datuen arabera, 9.000 jarraitzaile inguru bildu ziren hitzaldian.

"Guk ez dugu amore ematen, datorren astean guztiok harrituko zaituzten zerbait egingo dugu. Ziur mantendu behar dugu gure herrialdea", esan zuen, datorren astean beste agindu exekutibo bat sinatuko duela iragarri eta gero.

Trumpek urtarrilaren 27an erabakitako dekretuak, gehiengo musulmana duten zazpi herrialdetako errefuxiatuei eta etorkinei sarrera debekatzeaz gain, errefuxiatuak hartzea galarazi zuen 120 egunetan, onarpen-prozedurak aztertzeko.

45 minutuko hitzaldian, AEBko presidenteak komunikabideak kritikatu zituen, "AEBko etsaiak", aste honetan Twitterren adierazi zuen moduan, "sistema ustelaren partaide" direlako. "Irabazten jarraituko dugu, irabazten, irabazten", nabarmendu zuen Trumpek, komunikabideen "agenda" kritikatu ostean.

Neurri gehiago

Besteak beste, "pare bat astetan beste osasun-plan bat" aurkeztuko duela aurreratu zuen Floridako kostaldeko aireportuan, "zoritxarreko Obamacare sistema ordezkatzeko". Barack Obama presidente ohiak bultzatutako legeari aipamena egin zion.

Horrez gain, Mexikoko "mugako hormaz" hitz egin zuen, "laster" eraikitzen hasiko dela iragartzeko. AEBn diharduten "droga kartelak ere suntsituko" dituela esan zuen.

Bestalde, Sirian eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetan segurtasun-eremuak eraikiko dituela azaldu zuen, gatazketatik ihes egiten duten pertsonentzat. Persiar golkoko herrialdeek ordainduko dituztela argitu du. Segurtasun-eremu horiei esker, AEBn "ezagutzen ez ditugun milaka pertsona hartu behar izatea" saihestuko luketela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur