Mundua -

Tragedia Guatemalan

Guatemalako adingabeen zentroko sutea: 40 dira jada hildakoak

19 asteazkenean hil ziren, kea arnasteagatik. Gainerako 11k erietxean zendu dira, sutean egindako erreduren ondorioz.

Neska bat, Hogar Seguro adingabeen zentroan gertatutakoa salatzeko protestan. EFE
Guatemala gertatutakoa salatzeko protesta. EFE
Neska bat, Hogar Seguro adingabeen zentroan gertatutakoa salatzeko protestan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 40 neskato hil dira martxoaren 8an Guatemalako Hogar Seguro adingabeen zentroan gertatutako sutearen ondorioz, agintariek emandako azken datuen arabera.

Carlos Soto Roosevelt Ospitaleko zuzendariaren hitzetan, azken biktima goizaldean zendu da, gorputzean zituen erredura larriak tarteko.

Agintariek azaldu dutenez, 19 adingabe asteazkenean bertan hil ziren, kea arnasteagatik. Gainerako 11k erietxean zendu dira azken lau egunetan.

Gloria Castro Guatemalako Haurren defendatzaileak jakinarazi duenez, "neskatoak giltzez itxitako gela batean zeuden sutea hasi zenean". "Lau metroko gela batean zituzten, giltzapean", azaldu du. Horren esanetan, Hogar Seguro zentroko arduradunek leiho eta ateak zigilatu zituzten, zigor modura, bezperan hainbat nerabek ihes egin baitzuten.

Gobernuaren ardurapean dagoen zentroa da, eta Guatemalako Prokuradoretza Orokorrak salaketa aurkeztuko du gertatutakoa iker dezaten.

Egoitzan bizi ziren adingabe batzuen senitartekoek salatu dutenez, neskatoek abusu fisiko eta sexualak pairatzen zituzten, askotan zentroko monitoreek eginda.

Guatemalako milaka herritar kalera atera dira asteburuan, jazotakoa salatu eta Gobernuari erantzukizunak eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Suteak albisteak Guatemala