Mundua -

Frantzia

Frantziako Barne ministroak dimisioa eman du

Antza denez, 2009tik 2016ra bitartean 24 lan-hitzarmen sinatu zituen bere alabekin. Denbora horretan, 55.000 euro inguru jaso zituzten.

Bruno Le Roux. Argazkia: EFE
Bruno Le Roux. Argazkia: EFE
Bruno Le Roux. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruno Le Roux Frantziako Gobernuko Barne ministroak dimisioa eman du astearte honetan, bere alabak adinez txikikoak zirenean lana eman ziela zabaldu ostean. Zehazki, 2009tik 2016ra bitartean aholkulari gisa kontratatu zituen.

Le Rouxek ohar baten bidez jakitera eman duenez, bere erabakiaren berri eman dio jada François Hollande Frantziako presidenteari. Bere esanetan, Frantziako Gobernuaren betebeharra ez oztopatzeko hartu du erabaki hori, bere alaben kontratuen nondik norakoak argitzeko Fiskaltzak ikerketa ireki ostean.

Antza denez, Le Rouxek 24 lan-hitzarmen sinatu zituen bere alabekin, aholkulari gisa. Frantziako hedabideen arabera, 15 eta 16 urteko neskatoek 55.000 euro inguru jaso zituzten 2009tik 2016ra bitartean.

Beste alde batetik, gertatutakoa argitzeko eta egia jakiteko eskura duen informazio guztia justiziaren esku utziko duela esan du Le Rouxek. Matthias Fekl-ek ordezkatuko du karguan (orain arte Atzerri Merkataritzarako Estatu idazkaria izan dena).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioarteko albisteak Paris azken ordukoa Frantzia bideoak Gaurko titularrak Albisteak Macronen Gobernua