Mundua -

Londresko atentatua

Poliziak identifikatu egin du Londresko atentatuaren egilea

Khalid Masood ei da ustezko egilea. 52 urtekoa zen, eta Kent konderrian (Ingalaterra) jaioa.

Khalid Masood tirokatu egin zuen Poliziak, atentatuaren ostean. Argazkia: Daily Mirror
Khalid Masood tirokatu egin zuen Poliziak, atentatuaren ostean. Argazkia: Daily Mirror
Khalid Masood da Londresko atentatuaren egilea

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londresko Poliziak identifikatu egin du atzoko atentatuaren ustezko egilea: Khalid Masood, 52 urtekoa. Westminsterreko zubian eta Parlamentuaren eraikinaren ondoan izandako erasoaren ondorioz lau pertsona hil eta 29 lagun zauritu zituen; ondoren Poliziak tiroz hil zuen.

Scotland Yarden hitzetan, susmagarria Kent konderrian (Ingalaterra) jaio zen, eta iraganean kondenatu egin zuten armak edukitzeagatik eta eraso bortitxak egiteagatik, baina ez terrorismoagatik.

Londresko segurtasun indarrek jakitera eman dutenez, ez zekiten eraso terrorista bat prestatzeko asmoa zuenik. Ustezko erasotzailearen azken aurrekari poliziala 2003. urtekoa da, arma zuriak gainean eramatea leporatuta.

Poliziaren arabera, asteazkenean autoarekin Westminsterreko zubian hainbat lagun harrapatu zituen pertsona eta, ondoren, Parlamentuaren eraikinaren ondoko lorategian, polizia bati labanaz eraso egin ziona Masood izan zen.

Asteazken gauean segurtasun indarrek hainbat etxe miatu dituzte Londresen, Birminghamen eta horiko beste toki batzuetan ere. Poliziaren arabera, dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte.

Beste alde batetik, Enterprise enpresak azaldu duenez, erasoan erabilitako autoa Birmingham hego-ekialdean alokatu zuen ustezko erasotzaileak.

Bost hildako, 28 zauritu

Lau pertsona hil ziren atentatuan: erasotzailea, Keith Palmer 48 urteko polizia britainiar bat, Kurt Cochran AEBko turista bat eta Aysha Frade 43 urteko emakumea. Azken hori britainiarra bazen ere, jatorriz galiziarra zen. Ondoren, atzo, osteguna, atentatuan zauritutako 75 urteko gizon bat ere hil zen.

28 pertsona daude ospitalean une honetan, horietatik, 2, egoera kritikoan. 12 britainiar, hiru frantziar, bi errumaniar, lau hegokorear, alemaniar bat, txinatar bat, irlandar bat, italiar bat eta bi greziar daude zaurituen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Erresuma Batua argazkiak Atentatuak argazkiak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa albisteak Gaurko azken ordukoa Londres albisteak gaur