Mundua -

Negoziaketa

Ipar Irlandako alderdiek ez dute Gobernua osatzeko akordiorik lortu

Negoziatzeko epea amaitu ondoren, irtenbide bat bilatzeko aukera ezberdinak proposatuko ditu James Brokenshire Ipar Irlandako Estatu Idazkariak.

Ipar Irlanda. Argazkia: EFE
Ipar Irlanda. Argazkia: EFE
Ipar Irlanda. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Irlandako alderdi politikoek ez dute protestante eta katolikoen arteko Gobernu autonomiko berria osatzeko akordiorik lortu. Gauzak horrela, astelehen arratsalde honetarako aurreikusitako Batzarra bertan behera gelditu da.

Bertako alderdiak jarrera aldatu eta negoziatzeko prest agertu dira, baina ezinezkoa izan da protestante eta katolikoen arteko Gobernua eratzeko beharrezko adostasuna lortzea. Hala, Ipar Irlandako alderdiek ezin izan dituzte haien desberdintasunak alde batera utzi.

Gauzak horrela, Gobernu britainiarrak erabaki bat hartu beharko du, eta hiru aukera ezberdin izango ditu: alderdiei negoziatzeko denbora gehiago eman, hauteskunde autonomikoak errepikatu edo Ipar Irlandako autonomia epe mugagabean indargabe utzi eta Londrestik kudeatzea.

Beste alde batetik, alderdien desadostasunei aurre egin ahal izateko tinko jarraitu duela leporatu dio Arlene Foster Alderdi Demokratiko Unionistako (DUP) buruzagiak Sinn Feini (IRAren alderdi politikoa).

Urtarrilean, Ipar Irlandako Gobernuaren ituna apurtutzat eman zuten, Martin McGuinness presidenteordeak bere dimisioa eman ondoren. Arrazoi horregatik, hauteskundeak aurreratu egin behar izan zituzten, martxoaren 2ra.

Ipar Irlandako bi alderdi nagusien desadostasunek ezinezkoa egin dute aurreikusitako epean Gobernua berria eratzea.

Errepublikarrek Foster behin behinean kargugabetzea eskatzen diote DUP alderdiari, energia berriztagarriekin lotutako ustelkeria kasu batekin nolabaiteko zerikusia izan zezakeela jakin ondoren.

Londresek astearte honetan emango du bere erabakiaren berri

Ipar Irlandako Gobernu autonomo berria eratzeko negoziaketen epea amaitu ondoren, James Brokenshire Ipar Irlandako Estatu Idazkariak egoerari irtenbide bat bilatzeko aukera ezberdinak proposatuko ditu astearte honetan.

Dena dela, Ipar Irlandako Estatu Idazkariak argi utzi du ez dituela hauteskundeak berriz egingo, eta negoziaketen epea luzatuko duela aurreikusi dute adituek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 EB Zer ari da gertatzen Europan? Erresuma Batua bideoak Albisteak Brexita albisteak Londres Irlanda albisteak