Mundua -

Errusia

Kirgizistandar bat da San Petersburgoko atentatuaren egilea

Dagoeneko 14 pertsona dira metroan izandako atentatuan hildakoak eta 49 zaurituak; horietatik 12 larri daude.

Akbarzhon Dzhalilov, Errusiako atentatuaren egilea. Argazkia: Reuters
Akbarzhon Dzhalilov, Errusiako atentatuaren egilea. Argazkia: Reuters
Akbarzhon Dzhalilov, Errusiako atentatuaren egilea. Argazkia: Reuters

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Poliziak jakitera eman duenez, jatorriz Kirgizistangoa den errusiar bat, Akbarzhon Dzhalilov, da atzo San Petersburgoko metroan izan zen atentatuaren egilea. Leherketaren ondorioz, 14 pertsona hil dira eta hainbat zauritu.

Errusiako Instrukzio Batzordeak azaldu duenez, analisi genetikoen eta segurtasun-kameretako irudien arabera, 22 urteko Dzhalilov da metroko beste geltoki batean bigarren lehergailua ere jarri zuena. Bigarren hori poliziak desaktibatu zuen.

Kirgizistango Errepublikako segurtasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalarekin elkarlanean ari dira, atentatu horren errudunen bila.

Hiru dolu-egun

San Petersburgon lutoa da nagusi gaur, Errusiako agintariak atentatuaren egileak bilatzen jarraitzen duten bitartean, Asia erdialdeko pistari jarraituz.

Banderak haga erdira daude Errusiako bigarren hirian, eta hiru dolu-egun ezarri dituzte, nahiz eta goizean metroko linea guztiak berriro ireki, gobernadorearen bulegotik ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

VLADIMIR PUTIN

Vladimir Putin Errusiako presidentea San Petersburgon zegoen atzo, leherketa gertatu zenean, eta lore-eskaintza egin zuen egunaren azken orduan, biktimei egindako omenaldi inprobisatuan. Hainbat herritarrek loreak eta kandelak jarri zituzten metroko geltokian.

Biktima-kopurua

Metroan izandako atentatuaren ondorioz hildako pertsonen kopurua 14ra igo da, Veronika Skvortsova Errusiako Osasun ministroak asteartean eman dituen datuen arabera. Medikuen esanetan, guztira 51 dira zaurituak.

san-petersburgo_

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia albisteak Atentatuak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa