Mundua -

Venezuela

Chavistek eta oposizioak protesta egin dute Caracas hiriburuan

Venezuelako Gobernuaren aldekoek Asanblea Nazionalerantz egin dute martxa, eta oposizioaren aldekoak negar eragiteko gasa eta ura erabiliz sakabanatu ditu Poliziak.

Antichavistek protesta egin dute Caracas hirian. Argazkia: EFE
Antichavistek protesta egin dute Caracas hirian.
Antichavistek protesta egin dute Caracas hirian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduroren Gobernuaren jarraitzaileek, batetik, eta oposizioaren aldekoek, bestetik, protesta egin dute Caracas hiriburuan ostegun honetan, bakoitza bere aldetik, Auzitegi Gorenaren alde egiteko, batzuek, eta kontra egiteko, besteek. Gorenak bi epai eman eta gero, bertan behera utzi zituen; Parlamentuari eskumen guztiak kendu zizkion epai horietako batean, eta diputatuen immunitatea murriztu egin uzen bestean. Azkenean, baina, esan bezala, atzera egin zuen eta bertan behera utzi zituen biak.

Alde batetik, Venezuelako Gobernuaren aldekoek egin dute martxa, Asanblea Nazionalerantz. "Parlamentuaren kolpea" deritzotenaren kontra egin dute, Ganberak Goreneko hainbat epaile kargugabetzeko prozesua aktibatu baitzuen asteazkenean.

Agintean den Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuko (PSUV) lehen presidenteordeak, Diosdado Cabellok, azaldu duenez, "herri chavista ez da kaleetatik mugituko", herrialdean "bakea lortu arte". Indarkeria baliatuz Gobernua aldatu nahi izatea egotzi die oposizioaren aldekoei. "Euren helburuak lortu nahian beste pertsona bat hiltzeko prest dauden pertsona batzuei buruz ari gara hitz egiten", azpimarratu du.

Martxa ezusterik gabe egin dute, eta musika entzun da eta banderak ikusi dira.

Bestalde, Venezuelako Polizia Nazionalak negar eragiteko gasa eta ura erabili ditu oposizioaren aldekoek egindako martxa sakabanatzeko. Herriaren Defentsaren bulegoraino heldu nahi zuten, Parlamentuak Goreneko zazpi epaileen kontrako prozesua aktibatu izanaren aurrean babesa eskatzeko.

Internet bidezko Vivo Play katean, manifestariak agenteei aurre egin dietela ikusi da. Harriak bota eta negar egiteko gasa zuten potoak itzuli dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerika