Mundua -

Gerra Sirian

AEBk misilak jaurti ditu Siriako hegazkin base baten aurka

Iturri militarrek jakinarazi dutenez, 50 Tomahawk misil inguru jaurti dituzte Ash Shairat basearen kontra, Mediterraneoan kokaturiko gerraontzietatik.

AEBk misilak jaurti ditu Siriako hegazkin base baten aurka
AEBk misilak jaurti ditu Siriako hegazkin base baten aurka
Lehena da Damaskoko armadaren aurka

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko armadak Siria hegoaldeko Homs probintzian dagoen hegazkin base bati eraso dio, gurutzaldi-misilak erabilita, NBC telebista katearen esanetan.

Telebista kate horrek jasotako iturri militarren hitzetan, guztira 50 Tomahawk misil inguru bota dituzte Ash Shairat basearen kontra, Mediterraneoan kokaturiko gerraontzietatik. Erasoaren xedea base horretan zeuden hegazkinak eta aireratzeko pista izan omen dira.

Oraingoz ez dute jakitera eman erasoak biktimarik eragin duen.

Itxura guztien arabera, ekintza horrekin asteartean Idlib probintzian arma kimikoekin egindako erasoari erantzun dio AEBk; izan ere, estatubatuarren arabera, handik atera ziren Jan Sheijun hirian lehergailu kimikoak bota zituzten hegazkinak. Ondorioz, ia 100 pertsona hil ziren, eta Baxar al-Asaden Gobernuari egotzi dio nazioarteak haren ardura.

Hartara, Ameriketako Estatu Batuek lehen aldiz egin dute ekintza militar bat Siriako Gobernuko indarren aurka.

Jan Sheijunen eraso kimikoa izan ostean, zerbait gertatu behar zela aurreratu zuen ostegunean Donald Trump AEBko presidenteak. "Al-Asadek egin duena beldurgarria dela uste dut", azaldu zuen Air Force One hegazkinetik hedabideei egindako adierazpenetan. "Sirian jazotakoa zorigaitza da gizateriarentzat, eta bera han dago, gauzak kontrolatzen ari da; beraz, zerbait gertatu behar da", gaineratu zuen.

Trumpek asteazkenean aitortu zuenez, eraso kimiko horrek Siriako gatazka armatuaren eta Al-Asaden aurren zuen jarrera aldatzea ekarri du. Trumpek neurriak hartuko zituztela aurreratu zuen, baina ez zuen zehaztasunik eman. "Ikusiko duzue", besterik ez zuen esan.

Errusia, jakinaren gainean

Pentagonoak ohar baten bidez aditzera emandakoaren arabera, AEBk aurretiaz jakinarazi die Errusiako indar militarrei Sairat hegazkin basearen aurkako erasoa egin behar zutela.

"Errusiako indarrek aurretiaz izan dute erasoaren berri, ezarrita dauden komunikatzeko bideen bitartez", adierazi du Jeff Davis Pentagono bozeramaileak ohar horretan. Zehaztu duenez, misilak "bereziki egon dira zuzenduta zibilen heriotzak saihestu eta Gatazka Armatuen Legea betetze aldera".

Davisen esanetan, "AEBk neurriak hartu ditu hegazkin basean dauden Errusiako eta Siriako langileentzat arriskua murrizteko". Gaineratu duenez, erasoaldiaren ondorioz, kalte handiak eragin dizkiete "hegazkin siriarrei, azpiegiturei eta hainbat ekipamenduri". "Horrenbestez, Siriako Gobernuak arma kimikoak erabiltzeko duen ahalmena murriztuta geratu da", erantsi du.

Bere aldetik, Rex Tiller AEBko Estatu idazkariak argitu du Errusiako indarrak horren jakitun zirela, baina ez direla zuzenean Kremlinarekin harremanetan jarri.

"Estatu subirano baten aurkako erasoa"

Bere aldetik, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aburuz, gertatutakoa "Estatu subirano baten aurkako erasoa da".

Dimitri Peskov Kremlineko bozeramailearen hitzetan, "AEBk Sirian egindako erasoa Estatu subirano baten aurkako eraso gisa hartu du Putinek".

Aldi berean, ekintza hori "Iraken eragindako hainbat biktima zibilen gainetin arreta kentzeko saiakera" dela nabarmendu du, eta "AEBren eta Errusiaren arteko harremanei kalte egin diete", esan du.

"AEBren ekintza Nazio Batuen Erakundeko kide den Estatu baten aurkako erasotzat har daiteke", gaineratu du.

Errusiak eta AEBk elkarrekin zuten koordinazio militarra, bertan behera

Hegazkin basearen aurka egindako erasoaldiari erantzunez, Errusiak bertan behera utzi du Sirian AEBrekin zuen koordinazio militarra, Errusiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Terroristen "bazkide"

Bestalde, Siriako Indar Armatuen Aginte Nagusiak "eraso" gisa hartu du AEBren misilen jaurtiketa, eta ekintza horrekin Washington terroristen "bazkide" bihurtu dela gaineratu du.

SANA Siriako albiste agentzia ofizialak zabaldu duen komunikatu baten arabera, Siriako Armadak jakinarazi du AEBren erasoaldiaren ondorioz sei pertsona hil direla, eta hainbat zauritu eta "kalte material ugari" eragin dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia NBE Eguneko albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?