Mundua -

Gerra Sirian

Gutxienez 4 pertsona hil dira AEBk Sirian egindako erasoan

Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, eraso horretan hildakoez gainera, hainbat zauritu dira, eta hegazkin basea 'ia erabat suntsituta' geratu da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez lau militar siriar hil dira, horien artean Aire Armadako komandante bat, AEBk gaur goizaldean Siriako hegazkin base baten aurka egin duen erasoaren ondorioz, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak gaur aditzera eman duenez.

Behatokiaren arabera, hildakoez gain, erasoak hainbat zauritu eragin ditu eta basea "ia erabat suntsituta" utzi du. Hegazkin base hori Siriako Gobernuak dituenen artean bigarrena da garrantziari dagokionez.

Shayrat hegazkin basea Homs hiritik 25 kilometrora dago, eta, horren hitzetan, bertatik atera ziren asteartean Jan Sheijun hiria bonbardatu zuten hegazkinak. Bonbardaketa horren ondorioz, ehun bat pertsona hil ziren.

Instalazio horietan hegazkinak, aire defentsarako armak, ofizialen etxebizitzak eta erregai biltegi bat zeuden, Behatokiaren hitzetan.

Siriako oposizioak eta hainbat herrialdek (besteak beste, AEB, Frantzia eta Erresuma Batua) eraso horretan arma kimikoak erabili izana leporatu diote Baxar Al-Asaden Gobernuari.

Aitzitik, Siriako Gobernuak zein Errusiak ukatu egin dute bertsio hori; izan ere, horien esanetan, bonbardaketaren ondorioz, "terroristena zen" arma kimikoen biltegi bat kaltetu zen.

Oraingoz, ez Nazio Batuen Erakundeak ez Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak ez dute baieztatu zein gai kimiko erabili zen Jan Sheijunen. Alabaina, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak zabaldutakoaren arabera, sarin gasak eragiten ditu bonbardaketaren biktimek izan zituzten moduko sintomak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Donald Trump