Mundua -

Leherketak Dortmunden

Pertsona bat atxilotu dute Borussiaren autobusaren kontrako leherketengatik

Fiskaltzak adierazi duenez, erasoa jihadismoarekin lotzen dituzten hiru eskutitz aurkitu dituzte. Ezker muturreko taldeen mezuak aztertzen ari dira, baina jihadismoaren aztarnak indarra hartu du.

Borussia Dortmunden autobusa, leherketen ostean. Argazkia: EFE
Pertsona bat atxilotu dute Borussiaren autobusaren kontrako leherketengatik

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dortmunden atzo izandako hiru leherketen tokian aurkitutako eskutitz baten arabera, kirolariak, abeslariak eta aktoreak Estatu Islamikoaren (ISIS) helburu dira orain.

Eskutitz horretan Dortmundgo Borussia taldearen autobusaren kontrako erasoa aldarrikatu dute.

Agintariak idatziaren egiazkotasuna ikertzen ari dira eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, 2016ko abenduan Berlinen izandako atentatua eta Alemaniak Siriako gerran duen parte hartzea aipatzen dira bertan.

Nazioarteko Koalizioa Estatu Islamikoaren kontra Iraken eta Sirian egiten ari den operazioetan parte hartzeari uzteko eta Ramsteingo base militarra (Ameriketako Estatu Batuetako indarren Europako egoitza) ixteko eskatu diote Alemaniari.

Fiskaltzak 'eraso terrorista' dela eta atxilotu bat dagoela esan du

Fiskaltzaren bozeramaileak, Frauke Köhlerrek, Berlinen asteazken honetan egindako prentsaurrekoan esan duen arabera, gertatutakoa "eraso terrorista" bat da. Aipatu duenez, aurrekari islamistak dituzten bi susmagarri daude, eta horietako bat atxilotu dute. Baina oraindik ez dute erabaki kartzela zigorra eskatuko duten.

Gainera, gertakaria jazo zen lekuan erasoa terrorismo islamikoarekin lotzen dituzten hiru eskutitz aurkitu dituztela jakinarazi du. Azaldu duen arabera, ezker muturreko taldeek Interneten mezuak argitaratu dituzte erasoa aldarrikatzen, baina ikertzaileentzako jihadismoaren aztarnak indarra hartu du.

Dortmundeko Borussia taldearen autobusaren ondoan izandako hiru leherketen ondorioz, Marc Bartra jokalari katalana zauritu zen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Alemania bideoak Gaurko azken ordukoa