Mundua -

Erasoa Parisen

Parisko tiroketan hildako erasotzailearen hiru senide atxilotu dituzte

Bestalde, bilatzen ari ziren bigarren susmagarria bere kasa joan da komisariara Anberesen (Belgika). Hiru zaurituak, bi polizia eta turista bat, arriskutik kanpo daude.

Tiroketa Eliseos Zelaietan izan da. Argazkia: Reuters
Tiroketa Eliseos Zelaietan izan da. Argazkia: Reuters
Horrela hil zuen Poliziak ustezko terrorista Parisko Eliseoko Zelaietan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak Parisko erasotzailearen hiru senide atxilotu dituela jakinarazi dute iturri juridikoek, eta Belgikak esan du nazionalitate frantziarra zuela hiltzaileak.

Bestalde, Parisko tiroketarekin lotura zuelakoan bilatzen ari ziren susmagarria bere kasa joan da komisariara, Anberesen (Belgika).

Frantziako agintariek jakinarazi dutenez, Belgikako segurtasun indarrek eman zioten Frantziako Poliziari susmagarriaren berri, eta orduan abiatu zituzten hura bilatzeko lanak. Izan ere, Frantziako Barne Ministerioak ez du baztertzen erasoan beste norbaitek parte hartu izana.

Bestalde, Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, eta erasoaren egilea identifikatu du. Horren hitzetan, Abu Yusuf al Beljiki belgikarrak egin du. Fiskaltzak esan du erasotzailearen nortasuna baieztatu eta egiaztatu duela, baina ez dutela horren izenaren berri emango publikoki.

"Erasotzailearen nortasuna badakigu, eta egiaztatuta dago. Baina ez dugu publiko egingo, ikerketa martxan dagoelako", adierazi du prentsaren aurrean, Estatu Islamikoak horren izena zabaldu badu ere.

Ordu batzuk geroago, berriz, Jan Jambon Belgikako Barne ministroak argitu du erasotzaileak nazionalitate frantziarra zuela, eta bertako inteligentzia zerbitzuek fitxatuta zutela.

Bernard Cazeneuve lehen ministroak eta François Hollande presidenteak larrialdiko bilera egin dute Eliseoan. Batzarra amaitutakoan, Hollandek azpimarratu du Parisen izandako tiroketak "lotura terrorista" duela eta segurtasuna indartuko dutela.

Hauteskundeak

Hain justu, hautagai guztiak hauteskunde eztabaida egiten ari zirenean gertatu zen tiroketa, eta, ondoren, Macronek, Fillonek eta Le Penek iragarri zuten bertan behera utziko dituztela hauteskunde kanpainako azken egunerako, gaurko, antolatuta zituzten ekitaldi nagusiak.

Hala eta guztiz ere, Marine Le Pen Fronte Nazionala alderdi ultraeskuindarreko buruak Estatuaren mugak berrezartzea eta segurtasunerako arriskutsuak diren pertsonak kanporatzea eskatu du.

"Gobernu labur honi, geldi egoteagatik ezagun den honi, gure mugak berrezartzea eskatzen diot", adierazi du Le Penek hauteskunde kanpainarako egoitza nagusian egindako agerraldian.

Frantziako Gobernuak 50.000 polizia eta jendarme hedatu ditu presidenterako hauteskundeen lehen itzulia dela eta.

Aste honetan bi pertsona atxilotu dituzte Marseillan, "une batetik bestera" atentatu bat egiteko asmoa zutelakoan.

Frantzia larrialdi egoeran dago 2015eko azaroaren 13an Parisen atentatua izan zenetik. 130 pertsona hil zituzten orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Paris azken albisteak Frantzia Atentatuak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa albisteak Albisteak