Mundua -

Hauteskundeak

% 69,42ko parte-hartzea izan da arratsaldeko 17:00ak arte

Hirugarren postuan, Fillon sozialista eta Melenchon ezkertiarra ari dira lehiatzen. Hauteslekuak 19:00etan itxi dira, eta 20:00etan hiri handietan.

Populismoaren indarra neurtzeko termometroa da gaurko bozketa Frantzian

1:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Barne ministerioak emandako datuen arabera, Frantziako hauteskundeetako lehen itzuliko parte-hartzea % 69,42koa zen 17:00ak arte, 2012ko hauteskundeetan ordu berean baino txikiagoa (% 70,59). Eguerdian, berriz, % 28,54koa zen, 2012an baino apur bat gehiago (28,29%).

Frantzian bizi diren 45 milioi hautesle baino gehiagok eta atzerrian dauden beste 1,3 milioi frantziarrek gaur erabaki beharko dute nork ordezkatuko duen François Hollande presidentea, bost urteko gobernu sozialista atzean utzita. 08:00etan ireki dituzte hauteslekuak eta 19:00etan itxiko dituzte.

Lau hautagaik dute bigarren itzulira sailkatzeko aukera; alabaina, gutxi dira emaitza bat aurreikusten ausartzen direnak; izan ere, zalantzan daudenek eta terrorismoarekiko beldurrak azken emaitzan eragin baitezakete. Hauteskundeetatik garaile ateratzen denak bost urteko agintaldia izango du aurretik, eta beste behin errepikatu ahal izango du karguan.

ELECCIONES FRANCIA 2 1024X576

Hollande presidenteak botoa eman du, bere agintaldiarekin amaituko duen hauteskundeetan

François Hollande Frantziako presidenteak botoa eman du, krisi ekonomikoak eta mehatxu terroristak markatutako agintaldiarekin amaituko duen hauteskundeetan.

10:15 aldera bozkatu du Tulleko hauteslekuan. Ondoren, Parisera bueltatuko da, hauteskundeak Frantziako hiriburuan jarraitzeko.

Hautagai nagusiek goizean bozkatu dute

Emmanuel Macron hautagai independienteak Touqueteko hautes-eskolan eman du boza, 11:00etan, Brigitte Trogneux emaztearekin. Hedabide ugariren ikusmina eragin du.

Ondoren, Marine Le Pen ultraeskuindarrak bozkatu du, Henin-Beaumonten, Frantzia iparraldean. Han jarraituko du hauteskunde egunak ematen duena. Steeve Briois hiriko alkatearekin joan da bozkatzera, Fronte Nazionalekoa hura ere.

François Fillon kontserbadoreak eguerdian bozkatu du, Pariseko zazpigarren barrutian; Penelope Fillon emaztea, ordea, goizean goiz joan da, bakarrik.

Jean-Luc Mélenchonek Pariseko X. barrutiko udaletxean bozkatu du, alderdikideek lagunduta, eta hedabide bertan zirela.

Bi faborito nagusi

Emmanuel Macron sozioliberala eta Marine Le Pen ultraeskuindarra dira Frantziako presidente izateko hauteskundeak irabazteko hautagai faboritoak, Ipsos etxeak argitaratutako inkesta baten arabera. Macronek botoen % 24 lortuko luke; Le Penek, berriz, % 22.

François Fillon kontserbadorea eta Jean-Luc Mélenchon ezkertiarra daude ondoren, berdinduta. Botoen % 19 lortuko luketela jakinarazi du "France Info" irrati-kateak.

Benoît Hamon sozialistak, berriz, puntu bat galduko luke (botoen % 7,5), Ipsosek egindako azken inkestarekin alderatuta. Gainerako sei hautagaiek ez lukete bozen % 5 baino gehiago izango.

Horrenbestez, lau dira maiatzaren 7an egingo den bigarren itzulira sailkatzeko aukerekin dauden hautagaiak. Adituen arabera, zalantzan daudenek (oraindik hautesleen % 30 inguruk ez daki nori emango dion boza) eta terrorismoarekiko beldurrak azken emaitzan eragin dezakete.

Hauteskunde irekiagoak eta terrorismoaren itzalean

Joan den ostegunean atentatua izan zen Parisen, Eliseoko Zelaietan, Frantziako hiriburuko lekurik sinboliko eta jendetsuenetakoa. Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa. Hori dela eta, Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak duenez, hauteskundeen lehen itzuliaren segurtasuna bermatzeko neurriak indartuko dituzte. 50.000 polizia eta 7.000 militar arituko dira lanean segurtasuna bermatzeko.

Hauteslekuen sarreran ere kontrola areagotu egingo dute, izena emanda daudenak soilik sar baitaitezke.

Aldi berean, Frantziak aurre egin behar dituen arriskuak nabarmentzeko baliatu du Le Penek joan zen osteguneko polizien aurkako erasoa, eta immigrazioa kontrolatzeko eta mugak ixteko mezua hedatu du beste behin ere. Dena den, ikusteke dago, ea ekintza horrek dagoeneko sendotuta dauden alderdiei mesede egiten dien edota Macron eta Melenchonek gidatzen dituzten hautagaitza pertsonalistagoak hauspotzen dituen.

250.000 euskal hautesle daude bozkatzera deituta

Ipar Euskal Herrian, 250.000 hautesle daude bozkatzera deituta Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian.

Jean Lassalle hautagai zentristak eremu horretako hiritar askoren babesa du. Lehen aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara. François Fillonek, bestalde, 4.000 bat jarraitzaile bildu zituen Biarritzen egindako ekitaldian.

Halaber, Hendaia, Biriatu edo Urruña herrietan, esaterako, arreta handiz jarraitzen dute prozesua, batez ere bertan bizi diren gipuzkoarrek. Izan ere, Fronte Nazionalak irabaziko balu, horietako askoren egoera aldatuko litzateke. Adibidez, herriko erroldaren % 30 gipuzkoarrak dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Frantzia argazkiak Eguneko albisteak Hauteskundeak Frantzia