Mundua -

Hauteskunde eguna

Bi hautesleku jendez hustu dituzte Frantzian, kotxe susmagarri batengatik

09:30ean eman dute abisua, bi pertsona kotxe batetik presaka ateratzen ikusi dituztenean. Motorra martxan zuela utzi dute autoa.

Frantziako hautesleku bateko argazkia. EFE
Frantziako hautesleku bateko argazkia. EFE
Frantziako hautesleku bateko argazkia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hautesleku jendez hustu behar izan dituzte behin-behinean alarma faltsu baten ondorioz, Besançon hirian, Frantzia ekialdean, presidentziarako hauteskundeetako lehen itzulian.

09:30ean eman dute abisua, bi pertsona kotxe batetik presaka ateratzen ikusi dituztenean. Motorra martxan zuela utzi dute autoa. Matrikula faltsua zuen, eta, antza denez, lapurtu egin zuten.

Poliziak berehala hustu du jendez hauteslekua eta eremua inguratu dute, kotxea miatzeko. Lana amaitu bezain pronto, ez zegoela inolako arriskurik baieztatu dute agenteek, nahiz eta barruan arma bat aurkitu duten.

11:30ean berriz ireki dute Besançoneko hauteslekua. Alkatearen esanetan, Jean-Louis Fousseret, gertatutakoak ez du terrorismoarekin zerikusirik, ohiko delikuentzia kasu bat izan baita.

Frantzian larrialdi egoera ezarri zuten Estatu Islamikoak 2015eko azaroaren 13an Parisen egindako atentatuaren ondorioz. Orduz gero, beste hainbat eraso terrorista egin dituzte. Azkena ostegunean gertatu zen, Eliseoko Zelaietan. Polizia bat hil zen tiroketan.

Femen taldeko hainbat kide atxilotu dituzte Marine Le Penen boto ematea boikoteatzen saiatzeagatik

Frantziako Poliziak Femen taldeko zenbait kide atxilotu ditu, Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarraren boto ematea boikoteatzen saiatzeagatik. Hénin-Beaumont hirian gertatu da, Frantzia iparraldean.

Fronte Nazionaleko liderraren hauteslekura sartu dira erakunde feminista horretako sei bat militante, bularra agerian eta aurpegia maskara batzuekin estalita zutela. Maskara horiek Len Pen beraren eta Jean-Mari aitaren aurpegien argazkiak zituzten, baita Vladimir Putin, Bachar Al Asad eta Donal Trumpenak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Frantzia bideoak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia