Mundua -

Goi bilera Bruselan

EBk 'aho batez' onartu ditu 'Brexit'a negoziatzeko jarraibideak

Europako estatuburuek eta gobernuburuek oniritzia eman diote Tusken lantaldeak prestatutako bederatzi orrialdeko dokumentuari,

Europako Kontseiluaren Goi bilera Bruselan. Argazkia: EFE
Europako Kontseiluaren Goi bilera Bruselan. Argazkia: EFE
Batasuna izan da 27ek gaur 'Brexit'aren gailurrera eraman duten mezua

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Estatu eta Gobernu buruek guztien adostasunaz onartu dituzte Erresuma Batuaren irteera negoziatzeko irizpideak, gaur Europako Kontseiluak Bruselan egin duen goi-bileran. Prozesua bi urtetan amaitu behar dute, eta buruzagiek 'Brexit'aren aurrean duten batasuna azpimarratu nahi dute.

"Jarraibideak aho batez onartu dira. 27 kideko Europar Batasunaren agintaldi politiko sendo eta bidezkoa prest dago 'Brexit'a negoziatzeko", iragarri du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak bere Twitter profilean.

Europako agintariek, Theresa May britainiarraren presentziarik gabe, oniritzia eman diote Tusken lantaldeak prestatutako bederatzi orrialdeko dokumentuari, behin Londresek batasunetik ateratzeari buruz hitz egiten hasteko eskaera formala bidali ostean.

Hala, aipatu agiriak Europar Batasunak proposatutako ikuspegi progresiboa nabarmendu nahi du, etorkizunean aldebiko harremanak izateko akordio paraleloa baztertzeaz gain. Dena den, etorkizunak izan lezakeen itxura eztabaidatzen hasteko bidea ireki du, baldin eta datozen hilabeteetan gai garrantzitsuetan aurrerapen esanguratsuak lortzen badira.

Gaur EBko 27 herrialdeek adostu duten dokumentua ez da apenas aldatu, Tuskek martxoaren 31n hiriburuetara bidalitako testuaren alderatuta. Idatzi hartan hiru lehentasun ezarri zituen: Erresuma Batuan bizi diren hiritar europarren eskubideak babestea, Londresek EB uzteagatik ordaindu beharreko "faktura" eta Ipar Irlandaren mugaren egoera argitzea.

Erabilitako hizkera moldatu dute, zenbait arlotan gogortzeko. Esate baterako, hiritar komunitarioen eskubideak bermatu nahi dituzte, Erresuma Batuan bost urtez bizi eta gero, bertan bizileku iraunkorra lor dezaten.

"Sendotu" den beste arlo bat da Erresuma Batuak, Batasuneko kide gisa, erkidegoko aurrekontuarekin eta Europako Banku Zentrala edota Europako Inbertsioen Bankua bezalako erakundeekin bere gain hartutako konpromisoak eta erantzukizunak aipatzen dituena.

EMA eta EBA agentzien egoitza

Bitartean, erkidegoko bazkideek Europako Sendagaien Agentziaren Europako Banketxeen Agintaritzaren egoitzak etorkizunean non egongo diren zehazteko irizpideak eta egutegia ere aztertu behar dituzte; izan ere, 'Brexit'aren ondorioz, Londresko egoitzak itxi eta beste hiri batzuk aukeratu beharko dituzte.

Jarraibideetan jasotzen denez, lekualdatzea ahalik eta azkarren egitea nahi dute. Hartara, ekaineko bileran hiriak aukeratzeko irizpideak adostea espero dute. Hala eta guztiz ere, hainbat iturriren arabera, litekeena da prozesua urrira arte edo abendura arte luzatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua bideoak Gaurko azken ordukoa Brexita Zer da Brexita