Mundua -

gatazka

Hamasek 1967ko Estatu palestinarra sortzea onartzen du, Israel aitortu gabe

Testu baten bidez, alderdiak nabarmendu du gatazkaren jatorrian ez dagoela erlijioa, eta Hamasek "sionisten proiektuaren aurka" borrokatzen duela, ez juduen erlijioaren ezta juduen aurka.

Jaled Meshal artxiboko argazki batean. Iturria: EFE
Jaled Meshal artxiboko argazki batean. Iturria: EFE
Hamasek Palestinaren 1967ko mugak onartu ditu

1:22

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaled Meshal Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren (Hamas) liderrak astelehenean iragarri duenez, bere taldeak Palestinako Estatua 1967an ezarritako mugekin sortzea onartzen du, baina Israelgo Estatua onartu barik, eta herri palestinarraren eskubide historikoei uko egin gabe.

"Sionismoaren aurkako jarrera zalantzan jarri gabe, Hamas Estatu palestinar burujabea eta independentea ezartzearen alde dago, Jerusalem hiriburua izanda, 1967ko ekainaren 4an ezarritako baldintzetan, eta errefuxiatuak eta desplazatuak euren etxera itzulita", dio Meshalek aurkeztutako testuak.

Estatu palestinarra soilik lurralde horretako alde batean onartzen badu ere, agirian ez dio uko egiten "Palestina osoa askatzeko" helburuari, eta ez du bi estatuk egin beharreko konponbidea denik aipatzen.

Gainera, alderdiak nabarmendu du gatazkaren jatorrian ez dagoela erlijioa, eta Hamasek "sionisten proiektuaren aurka" borrokatzen duela, ez juduen erlijioaren ezta juduen aurka. Ere berean, juduen eta "Palestinako lurrak okupatzen dituzten Israelgo hiritar sionisten" arteko ezberdintasuna azpimarratu egin du.

1988an Hamasen sorreran adostu zuten testuan, mugimenduak Britainia Handiaren mandatuak zehaztutako lurralde osoa eskatzen zuen, tartean, gaur egungo Israelgo Estatu osoa. Gainera, Egiptoko Anai Musulmanekin lotuta zegoela aipatu zuten, oraingo testuan ez bezala.

1967ko gerran, Israelek Gazako eta Zisjordaniako Zerrenda okupatu zuen, baita Jerusalem ere. Israelek Gazatik alde egin zuen 2005ean, baina kolono talde handia mantendu du Zisjordaniako lurraldean, eta horrek Palestinako beste alderdi nagusiak, Al Fatahk, sortu nahi duen Estatu palestinarra sortzea zailtzen du.

Netanyahu: 'Hamasek mundua engainatu nahi du'

Israelek testua ezagutu eta gero ohartarazi duenez, "Hamasen asmoa mundua engainatzea da, baina ez du lortuko", esan du David Keyes, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bozeramaleak.

"Tunel terroristak eraiki dituzte eta milaka eta milaka misil jaurti dituzte Israelgo zibilen aurka", gaineratu du. "Hori da benetako Hamas", Netanyahuren bozeramalearen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gazako Zerrenda Gaurko azken orduko albistea Israel Palestina albisteak Ekialde Hurbila Hamas