Mundua -

MEXIKO

Javier Valdez idazle eta kazetaria hil dute tiroz Sinaloan

Besteak beste, La Jornada egunkariko korrespontsala zen eta Riodoce astekariko sortzailea. Narkotrafikoaren inguruan publikatutako hainbat lanengatik sari ugari jaso zituen azken urteotan.

Javier Valdez, artxiboko irudi batean. EFE.
Javier Valdez, artxiboko irudi batean. EFE.
Beste bi kazetari hil dituzte Mexikon; antolatutako krimena ikertzen zuten

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Valdez idazle eta kazetari mexikarra hil zuten atzo, tiroz, Sinaloa estatuan (Mexiko).  Iturri ofizialen arabera, Culiacan hiriburuan kaletik oinez zihoala, auto batetik hainbat tiro jaurti zizkioten, eta bertan hil zen. Aurten hil duten seigarren kazetaria da.

Besteak beste, La Jornada egunkariko korrespontsala zen, eta Riodoce astekariko sortzailea. Azken urteotan, sari ugari jaso ditu narkotrafikoaren inguruan publikatutako hainbat lanengatik.

Valdezek, iazko urrian, EFE albiste-agentziari eskainitako elkarrizketa batean esan zuenez, gaur egun Mexikon gaizkileak dira nagusi, eta kazetari ugari ari dira horren kontra lanean, "hondamendiaren erdian, istorio bila".

2011n Kazetarien Babeserako Prentsa Askatasunaren Saria eman zioten, narkotrafikoari aurre egiteko egiten ari zen lanagatik. Valdezen iritzian, narkotrafikoak mendean dauka herrialdeko kazetaritza, baina Sinaloan "lanerako abagunea" bazegoela sinetsita zegoen.

Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak gogor gaitzetsi du hilketa, Twitter bidez bidalitako mezu baten bidez. Prentsa eta adierazpen askatasunaren aldeko konpromisoa agertu du buruzagi mexikarrak. 2016tik, gutxienez 11 kazetari hil dituzte Mexikon.

Bestalde, gaur, Jonathan Rodriguez El Costeño de Autlan astekariko kazetaria hil dute Jalisco estatuan. Haren amari ere, komunikabideko zuzendariari, eraso diote, eta zaurituta eraman dute erietxera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Mexiko Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kazetaritza