Mundua -

atentatua manchesterren

Zortzi pertsona atxilotu dituzte jada Manchesterreko atentatuarekin lotuta

Gainera, Salam Abediren anaia eta aita ere atxilotu dituzte, Libian. Atxilotutako emakume bat aske utzi dute goizaldean, kargurik gabe.

Alerta maila gorenean dago Erresuma Batua. EFE
Alerta maila gorenean dago Erresuma Batua. EFE
Hiru pertsona atxilotu dituzte Manchesterren atentatuarekin lotuta

1:20

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manchester Poliziak beste bi pertsona atxilotu ditu gaur, osteguna, Manchester Arenaren ondoan izandako atentatuarekin zerikusia dutelakoan.

Ohar labur baten biez, agintariek adierazi dute bietatik lehen atxiloketa Withington inguruan, hiriaren hegoaldean, egindako sarekada batean egin dutela.

Bestea Manchesterren izan da, baina ez dute zehaztasun handirik eman atxilotuen inguruan.

Momentura arte, zortzi dira atxilotuak Erresuma Batuan, gaur goizaldean atentatuaren ondotik atxilotutako emakume bakarra aske utzi ostean, kargurik gabe. Gainera, Salam Abediren anaia eta aita ere atxilotu dituzte, Libian.

Segurtasun indarrek uste dute Salman Abedi erasotzaileak talde baten laguntza izan zuela atentatua gauzatzeko. Ariana Granderen kontzertuan egindako erasoan 22 pertsona hil ziren eta 64 zauritu.

Astearte goizean Salman Abediren anaietako bat atxilotu zuten Manchesterren eta atzo beste lau lagun atzeman dituzte hiri horretan. Beste susmagarri bat Wiganen hartu dute atxilo, eta azkena Ingalaterra erdialdean izan dela jakinarazi dute. Abediren beste anaia Libian atxilotu dute ondoren.

Amber Rudd Barne ministro britainiarren hitzetan, "litekeena" da suizida bakarrik ez aritzea, hipotesi hori dute behintzat ikertzaileek. Antza, Ruddek argitu duenez, "ohikoak direnak baino lehergailu sofistikatuagoak erabili zituen, eta beste elementu batzuk kontuan hartuta, pentsatzekoa da taldean aritu zirela".

Ekintzaile suizida Salam Abedi 22 urteko britainiarra dela jakinarazi zuen atzo Poliziak. Abedi Manchesterren jaioa zen, baina gurasoak Libiakoak zituen.

"Litekeena da atentatua berak bakarrik ez egitea. Polizia eta inteligentzia zerbitzuak informazioa biltzen ari dira onik egon gaitezen", esan du Ruddek BBC Radio irrati kateari eskaini dion elkarrizketan.

Inteligentzia zerbitzuek Abedi zelatan ote zuten galdetuta, honakoa erantzun du ministroak: "Ezaguna zen eurentzat, baina segurtasun zerbitzuek jende asko ezagutzen dute, horrek ez du esan nahi denak atxilotzen dituztenik. Ikerketa amaitzen denean gehiago jakingo dugu".

Ez zen EIaren kide, aitaren arabera

Salman Abediren aitak ziurtatu du bere semea ez zela "inolako organizazioren kide", Estatu Islamikoak atentatua aldarrikatu duen arren.

"Salman ez zen inolako organizazioren kide", esan du Ramadan Abedi Reutersek egindako elkarrizketa batean, Tripolin. "Familia nahastuta dago, Salmanek ez zuelako ideologia hori, ezta sinesmen horiek ere", erantsi du. "Bost egun lehenago, berarekin hitz egin nuen eta ez nuen ezer arrarorik sumatu, dena betiko moduan zegoen".

Zehatz-mehatz, ziur agertu da ez zela Estatu Islamikoaren kide eta ez zela inoiz Sirian egon. "Bere pasaporteak aztertu ditut eta ez dago ezer. Ez da Sirian egon", azpimarratu du.

Elkarrizketa egiten ari zirela, Libiako Segurtasun Indarrek Abedi atxilotu dute, atentatuarekin lotura izan dezakeelakoan, baina berak "zibilen eta errugabeen aurkako ekintza terroristak" gaitzetsi ditu.

Hasehm Abedi terrorista suizidaren anaia aurreko asteartean atxilotu zuten, Reutersek aipatutako bozeramale libiar baten arabera. Eskuartean ditugun "frogek baieztatzen dute Estatu Islamikoaren kide zela, bere anaiarekin batera. Hilabete t'erdi baino gehiago daramagu bere atetik".

Filtrazioa AEBn

Barne ministro britainiarra oso haserre agertu da Ameriketako Estatu Batuko (AEB) segurtasun zerbitzuek ustezko suizidaren izen-abizenak filtratu zituztelako. Erresuma Batuko agintariek suizida nor zen jakinarazi baino lehen zabaldu zituzten izen-abizenak AEBn.

Ruddek ez du baztertu etorkizunean informazioa ez trukatzearen aukera. "Polizia britainiarrak argi utzi du informazio jarioa kontrolatu nahi duela, ikerketa babesteko eta balizko terroristak ezustean harrapatzeko. Oso haserre gaude gertatutakoarekin. Ezin da berriro gertatu", nabarmendu du.

Filtrazioek ikerketari kalte egin ote zioten galdetuta, "urrunegi" joatea dela uste du Ruddek, baina berriro gertatu ezin daitekeela berretsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Erresuma Batua albisteak Eguneko albisteak Londres albisteak gaur Ingalaterra