Mundua -

Akats informatikoa

Arazoekin jarraitzen du British Airwaysek Heathrow aireportuan

Dozenaka bidaiari daude, ez atzera ez aurrera. Gatwick aireportuan zerbitzua berrezartzea lortu du konpainiak.

Bidaiari ugari, 'harrapatuta', Heathrow aireportuan. EFE
Bidaiari ugari 'harrapatuta' Heathrow aireportuan. EFE
Bidaiari ugari, 'harrapatuta', Heathrow aireportuan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gatwick aireportuan (Londres hegoaldean) zerbitzua berrezartzea lortu du British Airways aire konpainia britainiarrak, baina Heathrowen (Londres mendebaldea) arazoekin jarraitzen du, larunbateko akats informatikoa tarteko. Hala, azken honetan hegaldi labur asko bertan behera utziko dituela aurreikusi du Alex Cruzek zuzentzen duen enpresak.

Ohar bidez jakinarazi duenez, larunbatean izandako akats informatikoa konpontzeko "aurrerapauso handiak" egin dituzte azken orduetan. Larunbatean jausi zen sare informatikoa, eta Londreseko bi aireportuetako hegaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituen British Airwaysek. Neurriak kaosa eragin zuen Erresuma Batuan zein nazioartean.

Airelinearen arabera, Gatwickeko hegaldi guztiak indarrean ditu, baita ibilbide luzekoak Heathrowen. Dena dela, hegaldi labur batzuk bertan behera utzi beharko dituela onartu du konpainiak, "domino efektua tarteko".

Hegaldia berretsi ezean aireportura ez joateko eskatu diete bidaiariei, eta unean-unean British Airwaysen webgunea eta sare sozialak kontsultatzeko.

Cruzen esanetan, "argindar arazo batek eragin zuen akats informatikoa"; sindikatuen arabera, ordea, arazoa saihestu zitekeen Indian azpikontratatutako informatika zerbitzua egon izan ez balitz.

Heathrow aireportuan ez atzera ez aurrera dauden bidaiariak daude oraindik, eta hegazkina hartu ahal izan duten batzuek ez dituzte maletak jaso.

British Airways konpainiak buruak barkamena eskatzeko bideoa eskegi zuen atzo Twitterren, eta kaltedunei konponbidea lehenbailehen emango diela agindu zien. Galdutako ekipajeari dagokionez, etxera albait arinen bidaliko zietela iragarri zuen.

 

 

Bezeroen erreklamazio andana jasoko du British Airwaysek, eta sortutako gastuen ondorioak seihilekoaren finantza emaitzetan izango dute eragina, ziurrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua argazkiak Eguneko albisteak Londres albisteak gaur