Mundua -

Bake prozesua

FARCek ekainaren 20an emango dizkio armak NBEri, beranduenez

Aste honetan agortuko zen armak entregatzeko adostutako epea. Aldiz, abuztuaren 31erako, lehergailuak deuseztatuta egon behar dira.

Santos, bart, egindako agerraldi publikoan. Argazkia: EFE
Santos, bart, egindako agerraldi publikoan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beranduenez ekainaren 20an entregatuko dizkio armak FARCek NBEri, bake akordioa bete ahal izateko Kolonbiako Gobernuarekin adostutako bide-orri berriaren arabera, iturri ofizialek baieztatu dutenez.

Konpromiso berri hau bake akordioaren Jarraipen, Sustapen eta Egiaztatze Batzordeak hartu du. Gobernuaren eta FARCen zenbait ordezkarik osatzen dute batzordea, eta azken egunotan bilduta egon dira Bogotan, aste honetan agortzekoa baitzen aurretik zehaztutako 180 eguneko epea, armak utzi eta gerrillak desegiteko.

"Ekainaren 1etik 20ra, FARC-EPen kide guztiek, baita miliziek ere, armak utzi eta legeari eutsiko diote", aipatutako batzordeak eta NBEren misioak elkarrekin zabaldutako oharraren arabera.

Akordio berri honek ez die eragingo "armategiak identifikatu, eta kanpalekuetatik armak atera behar dituzten" kideei. Egun 6.934 gerrillari daude 26 trantsizio gunetan sakabanatuta.

"Nazio Batuek armak jaso, edukiontzietan utzi eta FARC-EPko kide bakoitzak emandako armak egiaztatuko dituzte", beranduenez, abuztuaren 1erako.

Lehergailuak suntsitzeari dagokionez, 2017ko ekainaren 1ean hasita, hiru hilabetetan bete beharko dute prozesua, hau da, abuztuaren 31erako.

Bart iragarri du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCek eta Gobernuak lortutako akordioa; hau da, 20 egunez luzatzea armak entregatzeko epea eta bi hilabete gerrillak desegiteko epea.

"20 egun gehiago egongo dira armagabetzea egiteko eta beste 60 birgizarteratzeko. Ez da ezer, 53 urteko gatazka kontuan hartuta", erantsi zuen presidente kolonbiarrak herrialdearen aurrean egindako emisioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zer gertatu da Kolonbian?