Mundua -

Atentatu bikoitza Londresen

Babesa eman dio Europak Erresuma Batuari

Alemaniak, Frantziak, Espainiak eta Europar Batasunak, besteak beste, larunbat gauean Londresen izandako erasoak gaitzetsi dituzte. Trumpek, bestalde, migrazio-politika ezartzea eskatu du.

Hamar hildako eta 48 zauritu Londresen izandako bi erasotan. Argazkia: EFE
Hamar hildako eta 48 zauritu Londresen izandako bi erasotan. Argazkia: EFE
Hamar hildako eta 48 zauritu Londresen izandako bi erasotan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniak, Frantziak, Espainiak eta Europar Batasunak erabateko babesa eskaini diote Theresay May, Erresuma Batuko lehen ministroari Londresko atentatuak izan eta biharamunean.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak  "samina eta atsekabea" azaldu ditu gertatutakoaren aurrean. “Mugetatik haratago, atsekabean bat eginda gaude, baina baita sendo ere”, adierazi du.

Terrorismoaren aurkako borrokan Berlin Erresuma Batuarekin batera “indartsu” dagoela nabarmendu du kantzilerrak. Antzeko adierazpenak egin dituzte Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidenteak.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak, berriz, ondorengo adierazpena egin du Twitterren: “Europa Erresuma Batuarekin elkartuta egongo da terrorismoaren aurkako borrokan”.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ere sare sozial hori erabili du doluminak adierazteko: “Londresko azken gertaerak izututa jarraitzen ari gara. Nire otoitzak biktimei zuzenduta daude. Mesedez, onik izan zaitezte”, idatzi du.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere atentatuak gaitzetsi ditu. “Putinek bere doluminik sakonenak helarazi nahi dizkie britainiarrei eta ekintza terrorista gaitzesten du”, adierazi die kazetariei Dmitri Peskov Kremlingo bozeramaileak.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere Londresko atentatuak gaitzetsi ditu eta elkartasuna adierazi die biktimei. “Berriz ere, terroreak Erresuma Batua kolpatu du”, adierazi du.

Migrazio debekuaren ezarpena

AEBko Gobernuak Londresen izandako “eraso koldarrak” gaitzetsi dituen arren, gertatutakoaz baliatu da berriz ere migrazio politika ezartzeko eskatzeko.

“Adi egon behar dugu, eta gogorrak izan. Epaitegiek gure eskubideak itzuli behar dizkigute. Desplazamenduen debekua behar dugu segurtasun neurri gisa”, idatzi du Trumpek Twiterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Atentatuak albisteak Theresa May Londres albisteak gaur Ingalaterra