Mundua -

Koloniak Palestinako lurretan

Zisjordanian legez kanpoko 1.100 etxe berri egitea onartu du Israelek

Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko kolono-guneak nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak dira. Netanyahuk esan du Israelek beti mantendu beharko duela Jordan mendebaldeko eremuaren gaineko kontrola.

Kolono bat, Amonako kolono-gunean. Artxiboko argazkia: EFE
Kolono bat, Amonako kolono-gunean. Artxiboko argazkia: EFE
Kolono bat, Amonako kolono-gunean. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zisjordanian okupatutako eremuan 1.100 etxe berri egitea onartu zuen atzo, asteartea, Israeleko Administrazio Zibilaren Plangintzarako Kontseilu Nagusiak (lurraldeak antolatzen dituen erakundeak), Yediot Aharonot egunkariaren arabera.

Arieleko kolono-gunean 800, Kerem Reimen beste 200 eta Amijai asentamendua berrian 100 egitea onartu zuen erakunde horrek. Azken hori Amonako kolono gunetik irtenarazi zituzten 41 familia hartzeko egin dute.

Shalom Ajshav (Bakea Orain) GKEa asentamendu juduen zabalkundea dokumentuetan jasotzen duen erakundea da eta, atzo esan zuenez, Kereim Reim guneari buruz, legeztatu eta handitu egin dute, 2012an baimenik gabe sortu ostean. Amijai, aldiz, Gobernuak modu ofizialean eta baimenekin eraiki zuen (1992an) lehen kolono-gunea da.

Gainera, datozen orduotan Kontseiluak beste 900 etxebizitza berri onartzea espero da, Yediotek argitaratu duenez.

Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko kolono-guneak nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak dira, eta nazioarteak gogor gaitzetsi du luzaroan. Israelek eremu palestinarrean eraikitako 4.000 etxebizitza atzeraeraginezko ondorioarekin legeztatzeko legea onartu du aurten.

Palestina: 'Onartezina'

Bestalde, Palestinar Aginte Nazionaleko Presidentetzaren esanetan, Benjamin Netanyahu presidenteak egindako adierazpenak AEBko Gobernuari eta nazioarte guztiari zuzendutako "mezua" dira.

"Adierazpenak onartezinak dira. Gauzak zaildu eta segurtasuna eta lurraldean zein munduan egonkortasuna ahalbidetuko duen konponbide baketsua lortzeko ahaleginetan laguntzen ez duen giroa sortzen du", esan du.

Netanyahuk Sei Eguneko Gerraren 50. urteurrenean egin zituen adierazpenok. Gerra horretan Israelek Zisjordania, Ekialdeko Jerusalen eta Golango Gainak okupatu zituen, eta kontrolpean ditu gaur egun.

"Edozein (bake) akordiorekin, eta hori barik ere, Israelek segurtasunaren kontrola mantendu beharko du Jordan ibaiaren mendebaldeko eremu osoan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako bideoak Eguneko albisteak Israel albisteak Palestina