Mundua -

Teheran

12 pertsona hil dira Irango Parlamentuaren kontra egindako eraso batean

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu asteazken honetan Irango Parlamentuaren eta Khomeini Irango aiatolaren mausoleoaren kontra burututako bi erasoak.

Estatu Islamikoak gutxienez 12 lagun hil ditu Iranen, bi erasotan

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hamabi pertsona hil eta 39 zauritu dira Irango Parlamentuaren kontra egindako eraso batean. Irango Poliziak baieztatu duenez, lau gizon armatu sartu dira Parlamentuan, Teheran erdigunean, eta bertan zeuden pertsonen kontra tiro egiten hasi dira. Geroago, beste atentatu bat izan da Khomeini Irango aiatolaren mausoleoan.

Goizean, Irango Parlamentuaren sarreran zeuden segurtasun arduradunen kontra tiro egin du talde armatu batek. Zaindari bat larri zauritu dute, eta, legebiltzarkideek esan dutenez, hil egin da. Iturri ofizialek geroago baieztatu dutenez, lau gizonak barrura sartu dira eta gutxienez zortzi lagun zauritu dituzte.

Irango telebista kate baten arabera, Parlamentuan sartu den ekintzaile terrorista batek aldean zeraman lehergailua zartarazi du, barruan bi ordu baino gehiago igaro ostean. Irango Inteligentzia ministroak geroago baieztatu duenez, erasotzaileak bere buruaz beste egin du atxilotzera joan diren unean.

Akbar Ranjbarzade diputatuaren hitzetan, Parlamentuan amatuta sartu den gizon bat atxilotu dute. Erasotzaileek bertan zeuden hainbat pertsona bahitu dituzte, eta Irango Poliziak Kongresua itxi behar izan du. Zazpi ordu baino gehiago igaro ostean, Poliziak erasotzaileak hil, eta egoera kontrolpean hartu du.

Beste atentatu bat mausoleoan

Minutu gutxi batzuk geroago, Khomeini Irango aiatolaren mausoleoan sartu dira lau gizon armatu. 1979an Iraultza Islamikoaren burua izan zen Khomeini. Orduan, xahak erbestera ihes egin behar izan zuen, eta Irango aiatolak Islamiar Errepublika ezarri zuen. Egunero milaka pertsona hurbiltzen dira Khomeini Irango aiatolaren mausoleora bisita egitera.

Erasotzaile bakarra zela zabaldu da hasieran, baina Irango hedabideek baieztatu dute lau pertsona sartu direla bertan. Antza denez, horietako ekintzaile suizida batek aldean zeraman lehergailua zartarazi du, beste batek bere buruaz beste egin du, Poliziak beste bat hil du eta laugarrena atxilotu egin dute.

Bigarren eraso horretan, gutxienez pertsona bat hil da eta bi zauritu dira. Gainera, Khomeini Irango aiatolaren mausoleoaren inguruan aurkitutako lehergailu bat desaktibatu du Poliziak.

Saudi Arabiak eta beste sei herrialdek Qatarrekin diplomazia-harremanak etetea erabaki ostean jazo da erasoa. Jarduera terroristak babesteaz gain, Iranekin lotuta dauden talde terroristak finantzatzen dituela leporatzen diote herrialde horri.

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu erasoak

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu asteazken honetan Irango Parlamentuaren eta Khomeini Irango aiatolaren mausoleoaren kontra burututako bi erasoak, Amaq albiste agentziak zabaldutako agiri baten bidez.

“Estatu Islamikoaren ekintzaileek eraso egin diete Irango Parlamentuari eta Khomeini Irango aiatolaren mausoleoari”, ziurtatu du agentzia horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken orduko albistea Iran