Mundua -

Atentatu bikoitza Londresen

Zortzi dira jada atentatuan hildakoak, frantziar baten gorpua agertu ostean

Horrekin, hiru lirateke Londresko atentatuan hildako frantziarrak. Bestalde, 30 urteko gizonezko bat atxilotu dute erasoarekin lotura duelakoan.

Poliziak, Tamesis ibaian egindako bilaketa operazio batean. Argazkia: EFE
Poliziak, Tamesis ibaian egindako bilaketa operazio batean. Argazkia: EFE
Poliziak, Tamesis ibaian egindako bilaketa operazio batean. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Scotland Yardek desagertuta zegoen Frantziako hiritar baten gorpua Tamesis ibaian topatu duela iragarri du gaur, asteazkena. Frantziarra larunbatean Londresen atentatu bikoitza egin zenetik egon da desagertuta. Hala, azken hilotz hau kontuan hartuta, zortzi dira atentatuan hildako biktimak, horietatik hiru frantziarrak, hiru terroristez gain.

"Asteartean, ekainak 6, 19:44an, gizonezko baten hilotza berreskuratu zuten Poliziaren Itsas Unitateko agenteek Limehousetik gertu", esan du Londresko Poliziak ohar baten bidez.

Oharraren arabera, Xavier Thomas desagertuta zegoen 45 urteko frantziarra lirateke. Thomas Londresko zubian omen zegoen terroristek erabili zuten furgoneta espaloira igo eta oinezkoak harrapatu zituenean.

"Identifikazio formala egin ez bada ere, Thomasen senideak jakinaren gainean daude", Scotland Yardek gaineratu duenez.

Azken aurkikuntza hau ezagutu aurretik, Jean-Yves Le Drian Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak bigarren hiritar frantziar bat hil dela baieztatu du. Beste zortzi frantziar ere zauritu ziren Estatu Islamikoak bere gain hartu duen atentatuan, eta horietako zortzi larri daude.

"Pena handiarekin informatzen dut desagertutzat eman zen frantziar bat identifikatu egin dutela hildakoen artean", esan du Le Drianek ohar baten bidez. Frantziako hedabideen arabera, Sebasten Belanger (36 urte) litzateke. Horren senideak britainiar hiriburura joan dira jada.

Atxilotu berri bat

Bestalde, 30 urteko gizon bat atxilotu dute Londresko ekialdean, erasoarekin lotuta egotea leporatuta.

Ilford auzoan atxilotu dute, ekintza terroristak egin, prestatu eta sustatu dituelakoan.

Segurtasun indarrek goizaldean Ilforden egindako miaketa batean atxilotu dute gizona. Ez dute horren izena zabaldu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak albisteak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Gaurko azken orduko albistea Londres Ingalaterra albisteak