Mundua -

50etik gora zauritu

Gutxienez 12 pertsona hil dira Londresen, 24 pisuko eraikin bat kiskalita

68 zauritu daude, horietatik 18 kritiko. Zenbait bizilagunen esanetan, alarmak ez dira piztu eta leherketak entzun zituzten. 250 suhiltzailek, 100 poliziak eta 100 medikuk parte hartu dute operazioan.

"Gertaera larria" izan dela adierazi du alkateak. Argazkia: EiTB
Hainbat hildako Londresen, eraikin batean izandako sute handiaren ondorioz

3:06

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sute handi batek Grenfell eraikina -24 solairukoa- irentsi du Londresko Lancaster West auzoan eta gutxienez 12 hildako eragin ditu, larrialdi zerbitzuek zabaldu dutenez. Halere, Scotland Yardek aurreratu du oraindik goiz dela eta jendea harrapatuta geratu denez, litekeena dela hildako gehiago izatea.

Londresko anbulantzia zerbitzuaren esanetan, momentura arte 68 zauritu eraman dituzte hiriburuko ospitaletara, horietatik 18 egoera kritikoan daude, eta 100 mediku baino gehiago ari dira zaurituak artatzen.

Tim Downey lekuko batek BBCri adierazi dionez, eraikina goitik behera erortzen ari zen, "ke beltza baino ez dago". Gainera, "nukleoa" ere kiskali dela esan du, errautsak estalita oihuka ari ziren zenbait pertsonak inguratzen zutela.

Dorrea 1974an eraiki eta iaz eraberritu zuten, lana burutu zuten arkitekto batzuek hango hedabideei esan dietenaren arabera.

Tony Cotton Londresko Suhiltzaileen Departamentuko ordezkariak ziurtatu duenez, suhiltzaile-taldeetako batzuk eraikinaren 21. solairura heldu dira (24 ditu), eta uste dute eraikinak tente jarraituko duela, jasandako kalteak gorabehera.

Hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, Cottonek esan du eraikinaren egituraren segurtasuna aztertzen ari direla, eta, aurreikusi dutenez, eraikina ziurra da oraindik, suhiltzaileek lan egiteko, The Guardian egunkariaren arabera.

Sutea (00:15ean, GMT, piztu da) nola sortu den ikertzen ari da orain Polizia. Zenbait bizilagunen esanetan, alarmak ez ziren piztu eta leherketa batzuk entzun zituzten.

Scotland Yarden arabera, 250 suhiltzailetik gora lan egin dute sua itzaltzeko lanetan eta hainbat anbulantzia bidali dituzte gertaera izan den lekura. Bertaratutako polizia kopurua ere 100etik gorakoa da.

Argazkia: EFE

Eraikinaren inguruko kaleak hesitu dituzte, eta auzokideak atera, badaezpada.

Sadiq Khan Londreseko alkatea "jota" geratu da Kensingtoneko eraikinaren "irudi izugarriak" ikustean, Twitterren adierazi duenaren arabera. Goizean goiz, aurreratu du, Twitterren ere, "gertaera larria" izan da sutea.

Alkate laboristak, gainera, suhiltzaileen "erantzun bikaina" goraipatu du, "sei minutu baino gutxiagoan" heldu baitira sua itzaltzera eta, orain, agintariak barruan harrapatuta geratu diren "pertsonak bilatu eta erreskatatzeko" lanetan ari dira.

"Hurrengo egunetan galdera asko sortuko dira tragedia honen inguruan, eta erantzun guztiak izango ditugula esan nahi diet londrestarrei", erantsi du alkateak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Suteak argazkiak Erresuma Batua albisteak Gaurko azken orduko albistea Londres albisteak gaur Ingalaterra azken ordukoa