Mundua -

Hauteskunde legegileak

Macronek gehiengo osoa eskuratu du Asanblea Nazionalean

Abstentzioa da bigarren 'garaile' argia, % 56,59koa izan da, azken urteetako marka hautsita.

Macron, ekitaldi batean. EFE
Emmanuel Macron. EFE
Macron, ekitaldi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea babesten duten alderdiek —Errepublika Martxan! eta MoDem— gehiengo osoa eskuratu dute Asanblea Nazionalean, eta horrenbestez, buruzagi zentristak bere egitasmoak aurrera ateratzeko modua izango du. Datu ofizialen arabera, gutxienez 350 eserleku eskuratu dituzte Macronen babespeko alderdiek (ganberak 577 ditu).

Botoen % 92 zenbatuta, 350 aulki ziurtatuta dituzte Errepublika Martxan! eta MoDem alderdiek. Errepublikanoek 137 eserleku lortu dituzte. Atzerago geratu dira Alderdi Sozialista (46), Frantzia Intsumisoa (17) eta Alderdi Komunista (10). Fronte Nazionalak zortzi ordezkari izango ditu.

"Garaipen argia eman diozue Errepublikako presidenteari eta Gobernuari", esan du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak kazetariei egindako adierazpenetan. Philipperen hitzetan, "frantsesek itxaropena aukeratu dute, suminduraren aurrean".

Lehen ministroak nabarmendu duenez, duela urtebete inork gutxik espero zezakeen "berrikuntza politiko hau". Dena dela, abstentzio datu altua deitoratu du; "ez da albiste ona demokraziarentzat", erantsi du.

Abstentzioa, protagonista

Abstentzioak markak hautsi ditu igandean: % 56,59koa izan da. 2009ko Europarako hauteskundeetan izan zuten horren pareko abstentzioa (% 59,37koa izan zen orduan).

Alderdi politiko guztiek izan dute ahotan parte-hartze apala.

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa alderdiko buruzagiaren aburuz, "ofentsibatzat hartu behar da, herritarren greba orokorra izan da. Energia dario abstentzio datu honi". Hori horrela, Melechonen ustez, Macronen alderdiak "ez du nahikoa legitimotasunik" egin nahi duen lan erreforma egiteko.

FRANTZIA HAUTESKUNDEAK EFE

Herritar batzuk botoa ematen, abstentzio altua protagonista izan zen egunean. EFE

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagiak nabarmendu duenez, abstentzioak "oso hauskor" egiten du Macronen gehiengoa. Horren iritzian, "Alderdi Sozialistak triskantza jaso du. Errepublikanoek babesa galdu dute...".

Sozialisten deskalabrua

Jasotako porrotaren aurrean, dimisioa eman du Jean-Christophe Cambadelis Alderdi Sozialistako lehen idazkariak. "Porrota erabatekoa da. Ezkerrak moduak eta funtsa aldatu behar ditu. Aro berri bati ekin behar diogu, neoliberalismoari eta nazionalismoari aurre egiteko", esan du bere erabakia iragartzeko agerraldian.

Azkenik, Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiaren (ez zen Martxan! alderdiaren izenean aurkeztu, baina Macronen alderdiak ez zuen bere barrutian aurkaririk aurkeztu) eserlekua zalantzan egon liteke, garaipen estua lortu baitu. Vallsen esanetan, botoen % 50,3 eskuratu ditu. Nolanahi ere, Farida Amrani Frantzia Intsumisoko aurkariak helegitea aurkeztuko duela iragarri du. "Irregulartasunak daude", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia berriak Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken orduko albistea Frantziako hauteskundeak Macron azken ordukoa