Mundua -

Sutea Portugalen

Sua itzaltzen ari den hegazkinik erori ez dela esan du Portugalek

Hala ere, Babes Zibileko langileak ustezko ezbeharra gertatu den tokira joan dira, badaezpada.

Portugalgo sua itzaltzeko lanetan ari diren hegazkinetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Portugalgo sua itzaltzeko lanetan ari diren hegazkinetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Portugalgo sua itzaltzeko lanetan ari diren hegazkinetako bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugalgo sute handia itzaltzeko lanetan ari diren hegazkinetako bat erori egin dela zabaldu dute arratsaldean berri-agentziek, Babes Zibileko iturriak aipatuta.

Alabaina, ordu batzuk geroago informazio hori ukatu egin du Babes Zibilak eta erantsi du badaezpada bilaketa-talde bat bidali dute ustezko istripuaren tokira, Ouzendara (Pedrogao Grande).

"Sua itzaltzen ari diren hegazkinik erori denaren informaziorik ez dugu", azpimarratu du Vitor Vaz Pinto Babes Zibileko komandanteak agerraldi batean.

Hala ere, Babes Zibileko buruzagiak jakinarazi du ustezko ezbeharra gertatu den inguruan karabana bat abandonatuta zegoela, barruan gas-botilak zituela eta leherketa bat egon izana posible dela. "Agian horrek nahasmena sortu du", erantsi du.

Vaz Pintok esan du ez dakitela nork edo nola zabaldu den informazio hori, baina aitortu du sua itzaltzeko lanak koordinatzeko zentro nagusiak nahasmen handia eragin duela.

Bestalde, suteari aurre egiteko plan estrategikoan aldaketa batzuk egin dituztela jakinarazi du. Orotara, 1.200 suhiltzaile ari dira lanean eta Espainiatik, Italiatik, Frantziatik eta Marokotik bidalitako hegazkinen laguntza dute.

Gaur, sua iparraldera zabaldu da eta Gois herrian egoera kezkagarria da.

Hondamendian hildako lagunak 64 dira eta zauritutakoak 160; horietako zazpi larri daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Suteak Hegazkin istripuak albisteak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Portugal