Mundua -

Erreskate lanak

Txinan izandako luiziaren ondorioz desagertutako 93 lagunen bila ari dira

Momentuz, soilik familia bereko hiru pertsona erreskatatu dituzte, luizia izan eta bost ordura. Azken orduotan hamar gorpu berreskuratu dituzte.

Txinan izandako luiziaren ondorioz desagertutako 118 lagunen bila ari dira. Argazkia: EFE
Txinan izandako luiziaren ondorioz desagertutako 118 lagunen bila ari dira. Argazkia: EFE
Txinan izandako luiziaren ondorioz desagertutako 118 lagunen bila ari dira. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3.000 pertsonaz osatutako erreskate lantalde bat buru belarri lanean ari da Sichuan eskualdean (Txinako Hego ekialdean), mendi baten zati bat mugitu eta 62 bat etxe suntsitu ostean. Azken orduotan hamar gorpu berreskuratu dituzte, baina oraindik 93 desagertu daude, eta bizirik aurkitzeko aukerak gero eta eskasagoak dira.

Sichuan eskualdeko agintariek desagertutako pertsonen izen-abizenak zabaldu dituzte, hau da, lurperatuta egon daitezkeen 93 lagunen izenak. Agintariek laguntza eskatu diete herritarrei, orduak igaro ahala zailagoa baita bertako bizilagunak bizirik aurkitzea, Xinhua albiste agentziak jakitera eman duenez.

Azken egunotako eurien eraginez mendi baten zati garai bat mugitu eta Xinmo herrixkaren gainean erori zen, 06:00ak aldera (22:00 GMT). Luiziaren eraginez 62 etxebizitza lur azpian geratu dira.

Wang Minghui erreskate lantaldearen buruak azaldu duenez, azken orduotan hamar gorpu berreskuratu dituzte. Dena dela, inguruan buru belarri ari dira lanean; makina hondeatzaileak eta bizi zantzuak antzematen dituzten tresnak erabiliz.

“Lanean jarraitzeko aukera dugun bitartean ez dugu amore emango”, ziurtatu du erreskate lantaldearen buruak.

Alabaina, desagertuak lur azpitik bizirik ateratzeko aukerak “oso eskasak” direla adierazi dute lekura hurbildu diren geologoek.

Momentuz, soilik familia bereko hiru pertsona erreskatatu dituzte, luizia izan eta bost ordura. Ospitalera eraman dituzte zauri larririk gabe, baina familiako laugarren kide bat etxean lurperatuta jarraitzen du.

Luiziaren eraginez gutxienez 62 etxebizitza geratu dira lur azpian, eta ibai bateko bi kilometro eta eta errepide bateko 1.600 metro ere harkaitzez bete dira.

Urteko sasoi honetan, euria barra-barra egiten du Txinan, eta, arrazoi meteorologikoak direla eta, ohikoa omen da mota horretako hondamendi naturalak izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Txina albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Hondamendi naturalek kaltetutakoak