Mundua -

Estatu Batuak

Trumpen beto migratzailearen zati bat onartu du AEBko Auzitegi Gorenak

Hortaz, Ameriketako Estatu Batuetan seniderik ez duten pertsonei edo han lan egiteko eskaera egin ez dutenei lurraldean sartzea galarazteko aukera izango du Donald Trumpen Gobernuak.

Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpen migrazio lege polemikoaren zati bat indarrean jar daitekeela ebatzi du Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak. Errefuxiatuei eta sei herrialde musulmanetako herritarrei AEBn sartzea debekatzeko araua da.

Auzitegi Gorenak aho batez hartu du erabakia. Ebazpen horri esker, AEBn seniderik ez duten pertsonei edo han lan egiteko eskaera egin ez dutenei lurraldean sartzea galarazteko aukera izango du Donald Trumpen Gobernuak.

Errefuxiatuen kasuan ere sarrera galarazteko irizpideak antzekoak izango dira. "Nazioaren segurtasuna lehenetsi dugu", dio Gorenaren dokumentuak.

Urrian segituko dute kasuarekin; izan ere, Gobernuaren helegitea tramitera onartzeko erabakia gaur hartu dute, Gorenaren saioen azken egunean.

Donald Trump pozik agertu da berriarekin. "Segurtasun nazionalaren aldeko garaipen argia da; terrorismorako joera duten sei herrialdetako bidaiak etetea eta errefuxiatuen programa bertan behera uztea ahalbidetuko digu", adierazi du ohar bidez.

"Presidente naizen heinean, ezin dut onartu guri min eman nahi digun inor gure herrialdean sartzea. Estatu Batuak maite dituzten herritarrak nahi ditut, herritar langileak eta produktiboak", erantsi du.

"Nire ardura estatubatuarrak arriskutik kanpo mantentzea da eta gaurko ebazpenak gure aberria zaintzeko erreminta garrantzitsu bat erabiltzeko aukera emango dit", azpimarratu du.

Eta amaitzeko, Gorenak erabaki hori aho batez hartu izana nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak Trump gaur Mexiko Trump hesia