Mundua -

Siriako gerra

Eraso kimikoa prestatzen aritzea egotzi dio AEBk Siriako Armadari

"Al-Asadek arma kimikoak erabiliz beste eraso bat egiten badu eta beste sarraski bat egiten badu, bai berak bai bere Armadak larrutik ordainduko dute", ohartarazi die Etxe Zuriak.

NBEren soldatuak, Sirian. Argazkia: EFE
NBEren soldatuak, Sirian. Argazkia: EFE
NBEren soldatuak, Sirian. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baliteke Siriako Armada beste eraso bat egiteko arma kimikoak prestatzen aritzea, Etxe Zuriak adierazi duenez. Gainera, Khan Shaykhun hirian eraso kimikoa egin baino lehen (apirilaren 4an, 100 hildako inguru eragin zituen) izan ziren moduko "balizko prestaketak" atzeman dituela esan du.

Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramailearen esanetan, horren moduko eraso batek "pertsona mordoa hilko lituzke, seguruenik, baita ume errugabeak ere", The Hill AEBko egunkariak jaso duenez.

"Aurretik aipatu bezala, Ameriketako Estatu Batuak Estatu Islamikoa desagerrarazteko dago Sirian. Halere, Al-Asadek (presidente siriarra) arma kimikoak erabiliz beste eraso bat egiten badu, eta sarraskia eragiten badu, bai berak bai bere Armadak larrutik ordainduko dute", nabarmendu du.

AEBk gurutzaldi-misila jaurti zuen Al Shairateko base siriarraren aurka, Homs eskualdean, Khan Shaykhunen erasoa izan ostean. Eraso kimikoa Damaskori egotzi zioten, baina Siriako eta Errusiako gobernuek ukatu egin zuten horrekin zerikusirik izatea.

Donald Trump AEBko presidenteak adierazi zuen base siriarra bonbardatzeko erabakiak bat egiten duela "interes nazionalarekin", eta, era berean, Washingtonekin elkartzea eskatu zien "nazio zibilizatuei", "Sirian odol isurketa, triskantza eta terrorismoa, edonolakoa dela ere, eteteko".

Nazioarteko gehiengoak Baxar al-Asaden Gobernuari egotzi zion Khan Shaykhungo erasoa.

Errusiako Gobernuaren esanetan, aldiz, Siriako Armadak arma kimikoak ekoizten zituen lantegi bat bonbardatu zuen, indar ofizialei erantzukizuna kenduta. Ondoren, Damaskok ere bat egin zuen Moskuren bertsioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Siria