Mundua -

Caracas

Helikoptero bat ostu eta Gobernuaren egoitzen aurka egin dute Venezuelan

Polizia batek helikopteroa hartu eta Barne Ministerio eta Botere Judizialaren egoitzen aurka tiro egin du, azken horren aurka granadak ere jaurtita. Caracasen arabera, CIA erasoaren atzean da.

Zenbait polizia, gertakarien lekuan. Argazkia: EFE
Tiroketa Venezuelako Auzitegi Gorenaren aurka

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia agente batek helikoptero bat lapurtu eta, horrekin, Barne Ministerioaren eta Auzitegi Nagusiaren egoitzen aurka tiro egin du Caracasen, Venezuelako Gobernuak adierazi duenez. Gainera, Gobernu venezuelarrak AEBko Inteligentzia Agentzia Zentralari (CIA) egotzi dio erasoaren atzean egotea.

Ernesto Villegas Venezuelako Komunikazio ministroaren esanetan, Oscar Perez izeneko agenteak La Carlota base militarrean lapurtu zuen helikopteroa. Perez Zientzia Poliziaren aireko garraioen taldeko inspektorea da.

Gainera, ministroaren arabera, "konplota" egin duen gizonak Barne Ministerioraino hegan egin du, hiriburuaren erdigunean, eta "15 bat tiro bota ditu eraikinaren aurka", 80 bat pertsona mokadu bat hartzen ari zirela.

Zenbait polizia, gertakarien lekuan. Argazkia: EFE

Ondoren, Botere Judizialaren egoitzarantz abiatu da eta, heldu denean, "tiroak bota eta, gutxienez, Israelen ekoitzitako eta jatorri kolonbiarreko lau granada jaurti ditu, horietatik batek ez du eztanda egin, eta jaso zuten".

Villegasen hitzetan, erasook "Konstituzioaren eta horren erakundeen aurkako kolpe" baten barruan kokatzen dira eta, ziurtatu duenez, Perez ikertzen ari dira "Inteligentzia Agentzia Zentralarekin" eta Estatu Batuek Venezuelan duten enbaxadarekin loturak dituelakoan.

Venezuelako Gobernuaren iritzian, eraso terroristak izan dira, eta "eskuin venezuelarrak hasi eta atzerriko gobernuek zein botereek babestutako matxinadan kokatuta" daude.

Maduro, armak hartzeko prest

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ohartarazi duenez, armak hartzeko prest dago, iraultza Bolivartarra suntsitzen badute. Botoen bidez lortu ez zutena, armen bidez lortuko dutela nabarmendu du.

Venezuelako oposizioaren iritzian,  herrialdea diktadurapean dagoela adierazten dute Maduroren azken adierazpenek.

Caracasen eman duen hitzaldian esan du Madurok armak hartzeko prest dagoela: "Iraultza Bolivartarra suntsituko balute, ez genuke amore emango, borrokara joko genuke, eta botoen bidez lortu ez genuena, armen bidez lortuko genuke", esan du.

Egin duen ohartarazpena entzuteko esan die herritarrei Madurok, eta bere Gobernua dela herrialdeak duen bakerako aukera bakarra azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak Venezuela bideoak Nicolás Maduro gaur