Mundua -

Mediterraneoko itsas-bidea

EBk migrazioarekin lagundu ezean, portuak itxiko dituela abisatu du Italiak

"Italiak gainezka egin du", ohartarazi du Italiak EBn duen enbaxadoreak. Larunbatetik ona, 11.000 bat pertsona erreskatatu dituzte.

Etorkinak
Etorkinak
Etorkinak

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiak egunero bere portuetara heltzen diren pertsona migratzaileen aferarekin laguntzeko eskatu dio Europar Batasunari eta, kolaboratu ezean, nazioarteko erreskate itsasontziei portuetara sartzea galarazi diezaiekeela mehatxu egin du, Italiako Gobernuak Reutersi adierazi dionez.

"Aurrean daukagun egoera larria da, eta Europak ezin dio bizkarra eman", ohartarazi dio Maurizio Massari Italiak EBn duen enbaxadoreak Dimitris Avramopoulos Europar Batasuneko Migrazio komisarioari, asteazkenean egindako bilera batean.

"Nazioarteko banderak daramatzaten erreskate itsasontziei portuetan sartzea debekatzea eztabaidatu dute", esan du agentziak. Hurrengo astean, EBko migrazio ministroek bilera egingo dute Tallin, eta Italiak egindako proposamena aztertuko dute, hau da, beste herrialde batzuek ere itsasontziak sartzea baimentzea.

Baliteke erabaki horrekin EBko beste kide batzuek pertsona migratzaileak hartzera behartzea, erreskateetan diharduten organizazio askok Malta, Alemania eta Espainiakoak dira, besteak beste.

"Italiak gainezka egin du", ohartarazi du Massarik. Erromak aurreikusitako 200.000 oheetatik ia guztiak bete dituzte pertsona migratzaileek dagoeneko.

Migrazioa zenbakitan

Italiak pertsonez betetako milioi erdi itsasontzi baino gehiago hartu ditu 2014tik ona, eta aurreko urtean marka hautsi zuen 181.000 itsasontzi porturatuta. Urtea hasi zenetik 75.000 heldu dira, iazko epe berdinean baino % 16 gehiago.

Flavio di Giacomo Migrazioen Nazioarteko Organizazioaren bozeramailearen esanetan, larunbatetik ona "arriskuan eta pilatuta" zetozen 11.000 pertsona erreskatatu dituzte.

Italia da Afrikatik datozen pertsonen helburu nagusia, eta Libiatik egunero abiatzen dira. Mediterraneoko erreskate gehienak GKE pribatuek egiten dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Europar Batasuna Migrazioa Europa Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Italiako albisteak Mediterraneo itsasoa