Mundua -

Hanburgo

Sirian su-etena adostu dute Trumpek eta Putinek Hanburgon egindako bileran

Bileraren ostean jakinarazi dutenez, igande eguerdian, uztailaren 9an, ipiniko dute abian su-etena Sirian.

Donald Trump eta Vladimir Putinen arteko bilera. EFE
Donald Trump eta Vladimir Putinen arteko bilera. EFE
Donald Trump eta Vladimir Putinen arteko bilera. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek eta Vladimir Putinek, AEBko eta Errusiako presidenteak hurrenez hurren, bilera egin dute gaur aurrez aurre. G20 gaur eta bihar Hanburgon (Alemania) egiten ari den goi-bileran.

Siriako hego-mendebaldean su-etena ezartzea adostu dute; horrez gain, Ukrainako gatazkari buruz eztabaidatzeko aldebiko bideari ekingo diotela iragarri dute.

Bilera amaitu ondoren, Rex Tillerson AEBko Estatu idazkariak eta Serguei Lavrov Errusiako Kanpo ministroak jakinarazi dutenez, su-etena igande eguerdian ipiniko dute martxan, uztailaren 9an.

Halaber, Lavroven esanetan, gatazkako alde guztiek su-etena errespetatuko dutela ziurtatzeko konpromisoa hartu dute.

"Daraa, Al Quneitra eta As-Suwayda" eremuetarako hartu dute erabakia, gaineratu du Lavrovek. Siriaren burujabetza errespetatzea ez ezik, "hitzarmen politikoa" erdiesteko prozesuan aurrera egitea da akordioaren xedea.

Tillersonek, bere aldetik, Ameriketako Estatu Batuen iritzia garbi utzi du: "Bachar al Asad lider siriarrak ezin du agintean jarraitu, guda zibila amaitu nahi izanez gero".

Lehen bilera

AEBko presidenteak kazetariei adierazitakoaren arabera, bilera "oso ondo" joan da. Horrez gain, bilera honek bai Errusiarentzat bai AEBentzat "oso emaitza positiboak" izatea espero duela jakinarazi die.

Putin, bere aldetik, itxaropentsu agertu da, bilerak emaitzak utziko dituelako. Halaber, "pozik" dagoela ere esan du, azkenean AEBko presidentearekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izan duelako.

Bestalde, Washington eta Moskuren arteko goi mailako harremana mantentzea espero duela azpimarratu du Trumpek. Errusiako presidentearen iritziz, zenbait gai kritikori modu pertsonalean baino ezin zaie aurre egin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Vladímir Putin Gaurko azken ordukoa Donald Trump