Mundua -

Liskarrak

Bost palestinar hil dira Jerusalemen eta Zisjordanian izandako protestetan

Halaber, 450 pertsona inguru zauritu dira Meskiten inguruan jarritako segurtasun neurrien  kontrako protestetan.

Meskiten inguruan jarritako segurtasun neurrien kontrako protesta. Argazkia: EFE
Meskiten inguruan jarritako segurtasun neurrien kontrako protesta. Argazkia: EFE
Segurtasun neurriak Meskiten Lautadan

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost palestinar hil eta 450 lagun inguru zauritu dira ostiral honetan Jerusalemen eta Zisjordanian izandako protestetan. Milaka palestinar elkartu dira Meskiten inguruan jarritako segurtasun neurrien kontrako protestetan, baina Israelgo Poliziak indarrez sakabanatu ditu bertaratu diren herritarrak. Tentsioak gora egin du aurreko ostiralean bi polizia israeldar hil zituztenetik.

Biktima gazteenak 17 urte ditu, eta atzo, larunbata, izandako protestetan hil zen. Medikuek azaldu dutenez, Tubas udalerriko Ospitalera eraman zuten, Nablus hiritik gertu (Zisjordania), baina handik gutxira hil zen molotov koktel batek eragindako zaurien ondorioz. Meskiten plazarako sarreran metal detektagailuak jartzea erabaki zuen Israelek, eta ordudanik gora egiten dute protestek.

Larunbatean, 19 urteko beste palestinar bat hil zuten, tiroz, Al Eizariya auzoan Israelgo segurtasun indarrekin izandako liskarretan. Jeriko hiriko (Palestina) Ospitalera eraman zuten, baina medikuek ezin izan zuten hura suspertzeko ezer egin.

Ostiralean 17 urteko beste gazte bat hil zen, Ramalako Ospitalean. Palestinako Osasun ministroak jakitera eman duenez, polizia israeldar batek tiroz hil omen zuen Zisjordaniako Abu Dis udalerrian izandako protestetan.

Halaber, 18 urteko beste palestinar bat hil zen arratsaldean izandako istiluetan. Palestinako Maan albiste agentziak aipatutako lekuko batek azaldu duenez, kolono batek lepoan tirokatu zuen, Jerusalen ekialdeko Ras al Amound auzoan izandako liskarretan.

Jerusalenen izandako protestetan hildako beste gazteak 20 urte zituen. Lekukoek jakinarazi dutenez, Israelgo Poliziak tiroz hil zuen Al Tur auzoan izandako protestetan.

Gainera, 193 lagun inguru zauritu dira Jerusalemgo Hiri Zaharrean, Jerusalem ekialdean, Zisjordanian eta Gazako Zerrendan izandako protestetan.

Dena dela, Jerusalem ekialdean kokatuta dagoen Wadi al Joz barrutian, Meskiten plazaren inguruan jazo dira liskar larrienak. Bertan, 3.000 bat musulman elkartu dira, ostiralero egin ohi duten bezala otoitz egiteko.

Hala, fededunek Israelgo Gobernuari aurre egin diote, Meskiten plazarako sarbidea 50 urtetik beherakoentzat itxi ostean. Gainera, aurreko ostiralean bi polizia israeldar hil zituztenetik metal detektagailuak jarri dituzte meskitaren sarreran.

1969. urtetik Meskiten plazarako sarbidea ixten duen lehen aldia da. Benjamin Netanyahuren Gobernuak boterea handitzeko erabili duen neurria dela salatu dute milaka palestinarrek. Tentsioak gora egin du azken egunotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Israel albisteak azken ordukoa Palestina azken orduko albisteak Hiri Santua azken ordukoa Ekialde Hurbila gaur