Mundua -

Charlottesville

Hiru hildako Virginian, zurien nagusitasunaren aldeko martxa batean

Larunbat honetan beste 20 lagun zauritu dituen autoaren gidaria atxilotu dute. Robert E. Lee general konfederatuaren estatua kendu dutelako deitu dute protesta.

Pertsona bat hil da Virginian, faxismoaren kontrako protesta batean. Argazkia: EFE
Pertsona bat hil da Virginian, faxismoaren kontrako protesta batean. Argazkia: EFE
Auto batek supremazista zurien kontrako martxa baten aurka egin du

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zurien nagusitasuna aldarrikatzeko 'Eskuina elkartu' lelopean deitutako mobilizazioaren ostean liskarrak areagotuz joan dira Virginia estatuko (AEB) Charlottesville hirian. Arrazoi horregatik, larrialdi egoera ezarri du Virginiako gobernadoreak, baina ordu batzuk geroago auto batek pertsona bat hil eta 20 lagun inguru zauritu zituen, supremazista zurien kontrako martxa batean. Autoa abiadura bizian sartu zen kalean, eta manifestarien kontra jo zuen. Virginiako Unibertsitate Ospitaleko iturriek azaldu dutenez, bost pertsona egoera larrian daude.

Horrez gain, beste bi pertsona hil ziren larunbatean, liskarrak zaintzen ari zen Virginiako Poliziaren helikoptero batek istripua izan ostean. "Gertatutakoa ekintza kriminala balitz bezala ikertzen ari gara", jakinarazi du Al Thomas Charlottesville hiriko polizia-inspektoreak. Dena dela, helikopteroak izandako istripuaren inguruan ez du xehetasunik eman, istripuaren nondik norakoak ikertzen baitaude.

Virginiako agintariek handik gutxira atxilotu zuten harrapaketaren susmagarria. James Alex Fields du izena, eta Ohioko 20 urteko mutila da. Bigarren graduko heriotza leporatu dio Poliziak, eta une honetan Charlottesvilleko konderriko kartzelan dago.

Arratsaldean egindako prentsaurreko batean, gertatutakoa deitoratu zuen Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak. "Gaitzespen irmoa adierazten dugu fanatismoarekin, arrazismoarekin  eta indarkeriarekin lotutako ekintza krudel horren aurrean", esan zuen Trumpek New Jerseyn egindako agerraldian. Dena dela, gisa horretako liskarrak "gure herrialdean aurretik ere gertatu" izan direla azpimarratu du Trumpek, eta jarrera hori AEBn ez duela tokirik nabarmendu du.

AEBko presidenteak ez zuen inolako aipamenik egin zurien nagusitasuna aldarrikatzeko martxa antolatu zutenei dagokienez. Martxa horretan eskuin muturreko aurpegi ezagunek ere parte hartu zuten, besteak beste, David Duke Ku Klux Klaneko kide ohia.

"Jaiotzez inork ez du beste pertsona bat bere arraza, jaioterria edo erlijioaren arabera gorrotatzen", azpimarratu du Barack Obama AEBko presidenteak, Twitterren duen kontu ofizialean zabaldutako mezu batean. Halaber, haur eskola bateko umeekin barre egiten agertzen den argazki bat erantsi du.

Robert E. Lee general konfederatuaren omenez jarritako estatua kendu dutelako protesta egitera deitu dute Virginia estatuan. Ostiraldean jada, kalean tentsio handia zegoen manifestarien eta kontrakoen artean.

Biktimei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, Bilbon

Sare Antifaxista plataformak elkarretaratzea deitu du astearterako, Bilbon, gertatutakoa salatu eta Charlottesville hiriko biktimei elkartasuna adierazteko. Izan ere, abiadura bizian sartu zen auto batek pertsona bat hil zuen eta beste 20 lagun inguru zauritu zituen larunbatean, horietako bost egoera larrian.

Sare Antifaxistak ohar baten bidez nabarmendu duenez, "neonazioak, supremazistak, Ku Klux Klaneko kideak eta eskuin muturreko ordezkariak" bildu ziren XXI. mendean inoiz egindako "gorroto handieneko manifestazio horretan". Hala, harrapaketa "terroristatzat" hartu du, eta "jihadisten antzera" egindako ekintza dela salatu du.

Arrazoi horregatik, "faxismo hiltzailearen aurrean" elkarretaratzea deitu du Sare Antifaxistak astearterako, abuztuak 15, 13:00etan Bilboko Arriaga plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Albisteak Azken ordukoa protestak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa