Mundua -

Charlottesville

Trumpek supremazistak gaitzetsi ditu, bi egunez hitzerdika ibili ostean

"Justizia izango da", esan du presidenteak, Charlottesvillen gertatutakoaren harira. Intel, Merck eta Under Armourreko CEOek uko egin diote Ekoizle Estatubatuarren Biltzarreko kide izateari.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak Ku Klux Klan (KKK), neonaziak, supremazista zuriak eta "bestelako gorroto taldeak" gaitzetsi ditu, bi egunez hainbat kritika jaso ostean, xamurregia izateagatik Charlottesvilleko erasoa dela eta.

"Arrazismoa gaitza da. Horren izenean indarkeriaz jokatzen dutenak kriminalak eta hiltzaileak dira, baita KKK, neonaziak, supremazista zuriak eta beste gorroto taldeak ere; higuingarriak dira estatubatuarrok baloratzen dugun guztiaren aurrean", esan du telebistan egindako agerraldi batean, Etxe Zurian, galderarik onartu gabe.

"Asteburu honetako indarkeria arrazistan kriminalen modura jardun ziren guztiei, kontuak emango dituzue erabat. Justizia izango da", esan du Trumpek.

Agerraldia egin baino lehen, epaileak baldintzapeko askatasuna ukatu dio James Alex Fields larunbatean Charlottesvillen faxisten aurkako manifestazio batean zeuden pertsonen aurka autoarekin jo zuen gazteari.

Zuzendari garrantzitsuak, irmotasun ezaren aurka

Intel, Merck eta Under Armourreko CEOek uko egin diote Ekoizle Estatubatuarren Biltzarreko kide izateari, Trumpek agertutako irmotasun faltagatik. Biltzarra presidente estatubatuarrak berak sortu zuen.

Horietatik lehena Kenneth Frazier Merck farmazeutiko handiaren zuzendari nagusia izan zen. Horren esanetan, Trump aipatu gabe, liderrek "gorrotoa, fanatismoa eta supremazia argi eta garbi ukatu behar dute, pertsona guztiak berdinak direla defendatzen duen ideal estatubatuarraren aurka egiten baitute".

Ondoren, Brian Krzanich Inteleko zuzendariak "giro politikoak gai kritikoetan egiten duen kalte handian arreta jartzeko" hartu zuen erabakia. Era berean, liderrei Charlottesvilleko indarkeria supremazista "gaitzesteko" eskatu zien.

Azkenik, Under Armour oinetako enpresako zuzendari nagusia Twitterren mintzatu zen: "Tinko mantentzen gara industria estatubatuarra hobetzeko abilezia eta potentzialean. Halere, Under Armour kirolan eta berrikuntzan jardun da, politikan ez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak