Mundua -

Rotterdamen

Kontzertu bat bertan behera Holandan, Espainian antzemandako mehatxuagatik

Gas-bonbonak zituen furgoneta baten gidaria, espainiarra bera, atxilotu dute. Antza denez, ez da ekintza terroristarik izan.

Kontzertua bertan behera utzi dute Rotterdamen. Argakia: EFE.
Kontzertua bertan behera utzi dute Rotterdamen. Argakia: EFE.
Kontzertua bertan behera utzi dute Rotterdamen. Argakia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Holandako agintariek bertan behera utzi dute asteazkenean Rotterdameko areto batean egitekoa zen kontzertu bat; izan ere, Espainiako Poliziak abisua helarazi zien: 'mehatxu terrorista' zegoen, Ahmed Aboutaleb alkatearen esanetan. Hain zuzen, alkateak baieztatu du Espainiako matrikulak zituen furgoneta bat topatu dutela; barnean, gas-bonbonak zeuden. Dena den, eta lehen ikerketen arabera, ematen du ez dela ekintza terroristarik izan.

Maassilo aretoan jo behar zuen Allah-las talde estatubatuarrak; taldeak Twitterren kontzertua bertan behera utziko zutela iragarri du, eta baieztatu du agindua 'mehatxu terrorista batengatik' emana zela. Lekua hustu dute 19:00ak baino apur bat lehenago; ikuskizuna ordu bat eta erdi geroago zen hastekoa.

Herbehereetako Poliziak agiri batean jakitera eman duenez, aretoa hustu zuten ikuskizunaren antolatzaileekin hitz eginda eta jasotako abisua sinesgarritzat jota.

Abisu 'serioa'

Aboutalebek prentsaurrekoan azaldu duenez, abisua Espainiako segurtasun-indarrek eman dute, eta serioa zen oso; hortaz, erabaki dute neurriak hartzea. Espainiako Poliziak esan duenez, aukera zegoen atentatu bat izateko kontzertuan zehar.

Aretoaren ondoan matrikula espainiarrak zituen ibilgailu bat topatu dute segurtasun-indarrek; horretan, hainbat gas-bonba zeuden. Gidaria atxilotu dute, espainiarra da. Rotterdameko Poliziak txio batean adierazi duenez, polizia-bulegoetan dago, galdeketaren zain.

NOS kate holandarrak aipatutako polizia-iturriek aseguratu dutenez, indar berezietako talde bat bertaratu da, bai eta balen aurkako txalekoak zeramatzaten zenbait agente. Gunea sokaz inguratuta dago.

Espainiako segurtasun-indarrek uste dute ez zela ekintza terroristarik

Eferi terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek esan diotenez, datu gehiago eta behin betiko baieztapenaren faltan, ekintza terrorista izatea baztertzen da.

Antza, furgonetako gidaria, espainiarra baina oraindik ez identifikatua, atxilotuta badago ere, mozkortuta zegoen, eta bonbonak etxean erabiltzekoak ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak argazkiak Herbehereak bideoak Jihadismoa Gaurko azken ordukoa