Mundua -

ipar korea

'Erantzun militar handia' agindu du AEBk, Piongiangek mehatxatzen badu

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, bere aldetik, astelehen honetan bertan bilduko da Ipar Korearen azken saio nuklearra aztertzeko.

James Mattis, Pentagonoko burua. Argazkia: EFE
James Mattis, Pentagonoko burua. Argazkia: EFE
James Mattis, Pentagonoko burua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Mattis Pentagonoko buruak adierazi duenaren arabera, Ameriketako Estatu Batuek "erantzun militar handia" emango dute, baldin eta Ipar Koreak AEBko edozein lurralde, Guam uhartea barne, zein bere aliatuak mehatxatzen baditu.

Mattisek agerraldi laburra egin du hedabideen aurrean Etxe Zurian, Donald Trump AEBko presidentearekin bilduta egon ostean, Ipar Korearen azken entsegu nuklearra aztertzeko asmoz.

Pentagonoko buruaren esanetan, erantzun militar hori "eraginkorra" eta "erabatekoa" izango da, eta gaineratu du Washingtonek ez duela nahi Ipar Korea "suntsitu", nahiz eta hori egiteko "aukera handiak" dituen.

Merkataritza harremanak etetea

Ordu batzuk lehenago Donald Trumpek berak esan duenez, Ipar Korearekin negozioak egiten dituzten edozein herrialderekin "merkataritza harreman oro" etetea ari da aztertzen AEB, baina baita beste neurri batzuk ere.

Hala eman du jakitera Trumpek Twitter bidez, Piongiangeko erregimenak proba nuklear berria, orain arte egindako seietatik ahaltsuena, egin ondoren, saio nuklear hori gogor gaitzetsi ostean.

Gerora, Etxe Zuritik hurbil dagoen eliza batean meza entzutetik atera ostean, Ipar Koreari erasotzea pentsatzen ari ote diren galdetu diote kazetariek, eta honako hau erantzun du: "Ikusiko dugu".

TRUMP 01 EFE

"Ikusiko dugu" erantzun die kazetariei Trumpek Ipar Koreari erasotzea pentsatzen ari ote diren galdetu diotenean. Argazkia: EFE

Abuztuaren hasieran, Trumpek "suz eta amorruz" erantzuteko mehatxua egin zion Ipar Koreari Piongiangek misil batean sar daitekeen buru nuklear bat egin duela jakin ostean.

Segurtasun Kontseiluaren bilera

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, bere aldetik, astelehen honetan bertan bilduko da Ipar Korearen azken saio nuklearra aztertzeko.

AEBk, Japoniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Hego Koreak eskatuta egingo da bilera, AEBk NBEn duen ordezkaritzak zabaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko azken ordukoa Trump gaur Ipar Korea Albisteak