Mundua -

5. mailako urakana

Irmak kalte handiak eragin ditu Antilla Txikietan; Haitin, alerta gorria

Bestalde, Trumpek larrialdi egoera ezarri du Puerto Ricon, Florida estatuan eta Birjina uharteetan, Irma gaur bertan helduko dela aurreikusi baitute.

Irma urakana, gaur, espaziotik egindako argazkian. Iturria: EFE
Irma urakana, gaur, espaziotik egindako argazkian. Iturria: EFE
Irma urakana, gaur, espaziotik egindako argazkian. Iturria: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irma urakanak kalte handiak eragin ditu gaur Antilla Txikietan, Puerto Ricora eta Hispaniola uhartera bidean. Azpiegituratan izan ei dira kalte nabarmenenak, baina oraingoz agintariek ez dute ez kalte materialen eta ezta zauritu edota hildakoen inguruko daturik eman.

Gaston Browne Antigua eta Barbudako lehen ministroak sare sozialen bitartez adierazi duenez, Irma urakanak bi uharteak suntsitu ditu. Dena den, ez du kalte materialen edota pertsonalen inguruko xehetasun eman.

Barbados uhartean, berriz, itsasoaren mailak nabarmen egin du gora eta uholdeak eragin ditu hainbat tokitan. Ondorioz, erreskate lanetan ari dira larrialdi zerbitzuak. Dena den, ez dute egoeraren inguruko zehastasunik eman.

Bestalde, Haitik alerta gorria ezarri du uharte osoan. Arrisku handiko guneetatik mugitzeko eta agintarien aginduei men egiteko dei egin die Gobernuak, Babes Zibilaren bitartez, herritarrei.

Irma urakanaren begia Barbudaren gainetik igaro da gaur, asteazkena, eta ondorio lazgarriak aurreikusi dituzte, bai uharte horretan, baita Antilla Txikietan, Puerto Ricon eta Dominikar Errepublikan eta Karibeko beste leku batzuetan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak (NHC) azaldu duenez.

5. maila hartuta (Saffir-Simpson eskalan altuena), Irmak Barbuda zeharkatu du bertan 02:00ak zirenean (08:00ak gurean), 295 km/h-ko haize-ufadekin, eta ipar ipar-mendebalderantz abiatu da, orduko 24 kilometroko abiaduran.

Barbudan 1.645 pertsona bizi dira eta 545 etxebizitza daude, 2011ko erroldaren arabera.

Irma urakana, espaziotik egindako argazki batean. Iturria: EFE

Irma urakana, espaziotik egindako argazki batean. Iturria: EFE

Donald Trump AEBko presidenteak larrialdi egoera ezarri du Puerto Ricon, Florida estatuan eta Birjina uharteetan, Irma gutxi barru hel litekeelako.

Larrialdi egoeraren iragarpenak Gobernuaren dirua arinago bideratzea ahalbidetzen du.

Egoera hori ezartzeko lanak koordinatzea eskatu die Trumpek Segurtasun Nazionaleko Departamentuari (DNS) eta Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Federalari (FEMA).

"Neurri horren bidez larrialdiak eragin ditzakeen zailtasunak eta sufrimendua arindu ahalko dira, eta larrialdiari aurre egiteko neurriek behar duten laguntza emango dute (…) bizitzak salbatu, ondasunak babestu eta osasun eta segurtasun publikoa bermatzeko", azaldu du Etxe Zuriak.

Irma urakana, "katastrofikoa izan daitekeena", Atlantikoan zikloien denboraldi honetan sortu den laugarrena da.

Herritarrak prestaketa lanak egiten Puerto Ricon. Argazkia: EFE

Herritarrak prestaketa lanak egiten Puerto Ricon. Argazkia: EFE

Gauean (00:00 GMT) CNHk zabaldutako agirian adierazi duenez, zikloia mendebalderantz doa, orduko 15 miliako (24 km/h) translazio abiaduran, eta mendebalde ipar-mendebalderantz abiatzea eta datozen egunotan norabide horri eustea espero da.

Aurreikusi dutenez, Irma Puerto Ricoren iparraldetik gertu izango da asteazken eguerdian eta gauean.

"Irmaren intentsitateak datozen bi egunotan gorabeherak izatea espero da", baina 4 eta 5 mailei eutsiko die datozen 48 orduotan, CNHko meteorologoen arabera.

Urakan mailako haizeak muinetik 95 km-ra (60 itsas milia) zabaltzen dira, eta ekaitz mailako haize tropikalak, berriz, 280 km-ra (175 itsas milia).

Gainera, urakanaren kontrolerako abisua eman dute Haiti iparraldean, Dominikar Errepublikarekin duen mugatik Haiti ipar-mendebaldeko muturreraino.

Era berean, urakan abisua dago Antigua, Barbuda, Aingira, Montserrat, Saint Kitts, Nevis, Saba, San Eustakio, San Martin, Saint Barthelemy, Birjina eta AEBko Birjina uharteetan, baita Puerto Ricon, Viequesen eta Culebra uharteetan.

Irmak "olatu handi eta suntsitzaileak" eta sagailoa eragingo ditu, eta horiek 2-3 metro igoaraziko dute itsas maila Antilla Txikietako iparraldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Denboraleak bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Donald Trump Urakan gaur Puerto Rico albisteak Latinoamerika Haiti albisteak