Mundua -

AEB

Trumpekin ameslariak babesteko akordioa lortu dutela esan dute demokratek

Senatuko eta Kongresuko buruzagiek egin dute iragarpena. Etxe Zuria zuhurrago agertu da, "akordioen" inguruen hitz egin ez dutela esanez.

Bi 'dreamers', Kapitolioan egindako hitzaldi batean. EFE
'Dreamers'ak. EFE
Bi 'dreamers', Kapitolioan egindako hitzaldi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Kongresuko eta Senatuko buruzagi demokratek iragarri dutenez, akordioa lortu dute Donald Trump presidentearekin 2012tik herrialdera paperik gabe heldu diren 800.000 immigranteak ('dreamers", ameslariak, moduan dira ezagunak) babesteko.

Iragarpena Chuck Schumer eta Nancy Pelosi buruzagi demokratek egin dute, bart presidente estatubatuarrarekin egindako afari baten ostean.

Zabaldutako agiriaren arabera, AEBren eta Mexikoren arteko mugan segurtasuna bermatzeko "bientzat onargarria den" finantzaketa programa bat ere adostu dute. Hala, Mexikoko harresia egiteko partidak bazter geratuko lirateke.

"Bilera emankorra eduki dugu Etxe Zurian. DACA egitasmoa izan dugu hizpide. DACAk babestutakoak lege batean jasotzea adostu dugu", adierazi dute Chuck Schumer eta Nancy Pelosi Senatuko eta Kongresuko buruzagiek, hurrenez hurren.

Etxe Zuria, bestalde, zuhurrago azaldu da, eta ohar batean zehaztu du ez dela "akordioez" mintzatu Schumerrekin eta Pelosirekin.

 

 

Etxe Zuriko bozeramaileen esanetan, "afari emankorra" eduki dute eta "lehentasunezkoak diren legeak" izan dituzte ahotan, besteak beste, zerga erreforma, mugaren segurtasuna, DACA egitasmoa, azpiegiturak eta merkataritza.

Hori horrela, Trumpen gobernuak uste du buruzagi demokratekin egindako bilera "aurrerapauso positibo" bat izan dela "bi aldeen artean adostutako konponbideak" topatzeko. Aurrerantzean ere "elkarrizketekin jarraitzeko" borondatea azaldu du.

Barack Obama presidenteak 2012an martxan jarritako programa berezia da DACA (ingelesezko sigletan). Horri esker, herrialdera paperik gabe heldutako 800.000 gazte etorkin erbesteratzeetatik babestuta egon dira, eta estatu batzuetan aldi baterako lan-baimena eta gidabaimena lortzeko erraztasunak eman dizkiete. Gazteok "dreamers" (ameslari) bezala dira ezagunak AEBn.

DACA plana bertan behera utziko zuela iragarri zuen Trumpek irailaren hasieran. Dena dela, sei hilabete barru sartuko da indarrean neurria. Tarte horretan, Kongresuak gazte horien egoera legeztatzeko konponbide bat bilatu beharko du, bera baita migrazio sistema aldatzeko boterea duen erakunde bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak migrazioa gaur Ameriketako Estatu Batuak albisteak Mexiko Gaurko azken orduko albistea Trump gaur