Mundua -

Frantzia

Milaka pertsona bildu dira Parisen, Macronen lan erreformaren aurka

Halaber, Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza askeko itunaren (CETA) aurka agertu dira manifestariak.

Jendetza bildu dira Parisen, lan merkatua malgutzeko egitasmoaren aurka. Argazkia: EFE
Jendetza bildu dira Parisen, lan merkatua malgutzeko egitasmoaren aurka. Argazkia: EFE
Jendetza bildu dira Parisen, lan merkatua malgutzeko egitasmoaren aurka. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Parisen, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak onartu nahi duen lan erreformaren aurkako manifestazioan. Era berean, Frantziako Gobernuak gizarte politikaren arloan orain arte hartutako erabakien kontra protesta egin dute. Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa alderdiko buruzagiak deituta egin dute manifestazioa.

Melenchon manifestazioaren buruan jarri da, pankartaren atzean, bere alderdiko beste diputatu batzuekin batera. Twitter bidez zabaldutako mezu batean, erresistentziaren alde egin du, eta "herritarrek dituzten eskubideen defentsan borrokan ari diren langileei" bere babesa adierazi die.

Frantziako Gobernuak gizarte politikaren arloan hartutako erabakien kontra egiteko deitu dute protesta arratsalde honetan. Azken asteotan mobilizazio ugari antolatu dituzte hainbat sindikatuk eta mugimendu sozialek Frantziako Estatuan. Halaber, Lanaren Konfederazio Orokorrak (CGT sindikatua) Macronen kontrako manifestazioak deitu zituen joan den irailaren 12an eta 21ean.

Gauzak horrela, Macronek ez duela lan merkatua malgutzea xede duen egitasmoarekin aurrera jarraitzeko bermerik salatu nahi dute manifestariek, nahiz eta Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan hartutako konpromiso bat izan. Ezkerreko boto-emaile askok Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarra irabazi ez zezan eman zioten botoa Macroni.

Halaber, Frantziako exekutiboak hartutako beste erabaki batzuen aurka agertu dira, hala nola, etxeak erostera bideratutako laguntzen murrizketaren kontra edota Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza askeko itunaren (CETA) aurka.

Frantzia Paris Macron protesta efe

Jendetza bildu da Parisen, lan merkatua malgutzeko egitasmoaren aurka. Argazkia: EFE

Frantzia Intsumisoko kideez gain, beste alderdi politiko batzuetako ordezkariek ere gaurko manifestazioan parte hartzeko asmoa zutela esan zuten. Alabaina, azkenean protestan parte hartu ez dutenen artean, Philippe Martínez Lanaren Konfederazio Orokorreko idazkari nagusia dago. Aurretik sindikatuek deitutako bi manifestazioen buruan egon zen bera.

Martxoaren 18an egindako mobilizazioan bildutako jendetza bera batzeko erronka du Melenchonek, Macronen Gobernuaren aurrean oposizioko hautagai nagusi gisa aurkeztu ahal izateko. Hauteskunde kanpainan egindako protesta hartan 100.000 lagun baino gehiago bildu zirela ziurtatu zuten antolatzaileek.

Lan merkatua malgutzea xede duen egitasmoa larunbat honetan bertan sartuko da indarrean, eta astelehenetik aurrera protestekin jarraitzea aurreikusita dago. Izan ere, kamioilarien sindikatu batzuek jarduera ekonomikoa blokeatzeko asmoa dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Paris gaur Frantzia berriak Eguneko albisteak Emmanuel Macron