Mundua -

Hauteskundeak Alemanian

Hauteskundeetan 'emaitza hobea' espero zuela esan du Merkelek

Halaber, Alemaniarako Alternatiba ultraeskuindarraren boto-emaileak “berriro konkistatzeko” konpromisoa hartu du.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. EFE
Angela Merkel
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak "emaitza hobea" nahi zuela esan du, igande honetako hauteskunde legegileetan laugarren agintaldia lortu ostean. Halaber, Alemaniarako Alternatiba ultraeskuindarraren boto-emaileak “berriro konkistatzeko” konpromisoa hartu du.

"12 urtez izan dugu erantzukizuna Gobernuan, eta ez zegoen argi berriro alderdirik garrantzitsuena izatera helduko ginen, baina hauteskunde hauetan Alemaniarako Alternatiba Parlamentura iritsi dela ere ikusi dugu. Analisi arduratsua egingo dugu. Alemaniako Alternatibaren boto-emaileak berreskuratu nahi ditugu, haien kezkak ezagutu nahi ditugu", adierazi du Merkelek.

"Helburu estrategikoa lortu dugu", adierazi du politikari kontserbadoreak, Batasun Kristau Demokrataren egoitzatik. Horrez gain, bere koaliziotik kanpo dagoen batek ere ez duela Gobernuarekin koaliziorik lortuko nabarmendu du.

"Gobernua osatzeko enkargua dugu, eta erantzukizun hori beste kideekin lasai eztabaidatuz hartuko dugu", gaineratu du kantzilerrak.

Merkelen bloke kontserbadoreak botoen % 32,7 lortu ditu, sozialdemokratek baino 12 puntu gehiago, ZDF kate publikoak zabaldutako lehen datuen arabera. Alemaniarako Alternatiba da hirugarren indarra, botoen % 13,4 jasota.

Schulzek bere porrota onartu du egun "latz" batean

Martin Schulz Alemaniako kantzilerra izateko hautagai sozialdemokratak bere porrota onartu du “egun gogor eta latz batean sozialdemokraziarentzat”. Alderdia oposizioko buru izango dela esan du, Angela Merkelen kontserbadoreekin lau urtez gobernatzen izan ostean.

Telebista publikoan egindako elkarrizketan, Schulzek adirazi du zuzendaritzaren “babes osoa” duela alderdiko buru izaten jarraitzeko eta hori “berritzeko”.

Hauteslekuetan egindako galdeketek sozialdemokratei botoen % 21 (Bigarren Mundu Gerratik emaitzarik okerrena) ematen zizkienean, Alemaniako Alternatiba Parlamentuan sartzeak dakarren “hausturaz” ohartarazi du Schulzek militanteen aurrean.

Alemaniarako Alternatibak herrialdea alemanentzat berreskuratuko duela esan du

Alexander Gauland Alemaniarako Alternatiba ultraeskuindarraren hautagaiak hauteslekuetan egindako galdeketek alderdia hirugarren indar moduan jartzen dutela ikusi ostean adierazi duenez, alemanek “berreskuratu” egingo dute herria.

“Gobernua presta dadila, haren bila joango baikara”, ohartarazi du Gaulandek, komunikabideei egindako adierazpenetan.

“Herrialdea eta gure herria berreskuratuko ditugu, herrialdea aldatuko dugu”, azpimarratu du jarraitzaileen pozaren artean. Gaulanden hitzetan, alderdiak emaitza hauek babestu dutenen “idealismoagatik” lortu ditu. “Jendeak kalean pentsatzen duenak lekua izango du berriro Alemaniako Parlamentuan”, gaineratu du.

Berdeak: "Naziak Alemaniako Parlamentuan sartu dira berriro"

Berdeak alderdia “pozik” agertu da hauteskundeetan lortutako emaitzengatik, baina “kezkatuta” ere bai, “naziak Parlamentuan sartzeagatik”.

“Gure emaitzagatik izandako poza kezkarekin nahasten da”, adierazi dute alderdiak Twitterren duen kontuan, Alemaniarako Alternatibak Parlamentuan hirugarren indar politikoa izatea lortu duelako. Berdeak ere, kezkatuta agertu dira: “Errepublika aldatzen ari da; naziak Alemaniako Parlamentuan sartu dira berriro”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Alemania bideoak Angela Merkel Eguneko albisteak Hauteskundeak Alemania gaur