Mundua -

Alemania

Merkelek irabazi ditu hauteskundeak, baina 8 puntu baino gehiago galduta

CDUk 1949tik izandako bigarren porrotik handiena lortu du. Alternatiba Alemaniarentzat alderdi ultraeskuindarra hirugarren geratu da, eta CDU alderdiaren garaipena ilundu du.

Argazkia: EFE
Merkelek irabazi ditu Alemaniako hauteskundeak, baina 8,5 puntu galduta

1:34

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkelek gidatzen duen bloke kontserbadoreak irabazi ditu Alemanian igandean egin diren hauteskundeak, sozialdemokratek oso atzean utzita, baina Alternatiba Alemaniarentzat (AFD) alderdi ultraeskuindarra hirugarren geratu da.

Hauteskunde Batzordeak zabaldutako datuen arabera, herrialdeko 299 barrutietatik 285 zenbatuta zituztenean, kantzilerraren Batasun Demokrata Kristauak (CDU) eta Batasun Kristau eta Sozial bavariarra (CSU)  kideak botoen % 33 jaso dute, 2013an baino 8 puntu gutxiago, eta 1949tik izandako bigarren porrotik handiena izan dute.

Martin Schulzek ordezkatzen duen Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak (SPD) atzera egin du nabarmen, % 20,5 lortuta (aurreko hauteskunde orokorretako datuekin alderatuta, botoen % 5 baino gehiago galdu ditu), eta alderdiak inoiz izan duen emaitzarik txarrena izan du oraingoan.

2013ko hauteskunde orokorretan AFDk ez zuen Alemaniako Parlamentuan (Bundestag) sartzea lortu, ez baitzuen jaso horretarako beharrezkoa den boto kopurua (% 5), baina botoen % 12,6 lortu ditu azken hauteskunde hauetan.

Alderdi bozkatuenekin akordioak egin ohi dituen beste alderdi batek, Alderdi Liberalak (FDP), ere ez zuen gutxieneko kopuru hori lortu aurreko hauteskundeetan, baina Bundestagera bueltatuko da, botoen % 10,7 lortu baititu oraingoan.

Ezkerrak botoen % 9,2 lortu ditu, 2013an baino puntu erdi gehiago, eta Berdeak alderdiak, berriz, botoen % 8,9, aurrekoetan baino % 0,5 gutxiago.

Telebista publikoek saioak bukatutakoan emandako emaitzak konfirmatu dituzte datuek, baina oraindik ez dira behin betikoak.

Datuak baieztatuz gero, CDU/CSUren eta SPDren arteko koalizio handia osa daiteke berriro, baina Schulzek baztertu egin du hipotesi hori, eta bere alderdia oposizioan izango dela baieztatu du.

Laugarren agintaldia baieztatu ondoren, Merkelek Berdeekin eta FDPrekin negoziatzeko aukera dauka, koalizioa orain arte egin ez badute ere (herrialde mailan ez behintzat).

Koalizio hori lortzeko, negoziazio konplexuak egin beharko lituzkete, bi kide txikien artean desadostasun handiak daudelako.

Egitekotan, 'Jamaika' izena izango luke, alderdiek dituzten koloreengatik (beltza CDUk, horia liberalek eta berdea eko-bakezaleek).

Edonola ere, Merkelek baztertu egin du Ezkerrarekin eta AFDrekin akordiorik egitea. Bigarren Mundu Gerraren ostean Bundestagen sartzen den lehen alderdi ultraeskuindarra da AFD.

Hautesleen % 76k parte hartu dute hauteskunde hauetan, eta parte-hartzea % 71,5ekoa izan zen 2013an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Alemania Angela Merkel albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Alemania