Mundua -

415 boto, alde; 127, kontra

Frantziak terrorismoaren aurkako lege berriaren proiektua onartu du

Poliziari botere handiagoa emango dio, eta, halaber, errazagoa egingo du gorroto-mezuak zabaltzeagatik susmagarriak diren meskitak ixtea.

Bi soldadu, Marseillan; bi emakume hil ziren bertan, igandean. Argazkia: EFE.
Bi soldadu, Marseillan; bi emakume hil ziren bertan, igandean. Argazkia: EFE.
Bi soldadu, Marseillan; bi emakume hil ziren bertan, igandean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Asanblea Nazionalak, Parlamentuko Behe Ganberak, onartu du astearte honetan, lehen irakurketan, terrorismoaren aurkako lege berriaren proiektua. Horrek botere handiagoa emango dio Poliziari, eta, halaber, erraztu egingo du gorroto-mezuak zabaltzen dituzten meskitak ixtea.

Saioaren hasieran, minutuko isilunea egin dute, Marseillako eta Las Vegasko erasoetako biktimak gogoan. Bozketan, aldeko 415 boto eman dituzte, eta kontrako 127.

Saioan, Gerard Collomb Barne ministroak nabarmendu du herrialdea larrialdi-egoeran dagoela, baina horrek ez zuela saihestu Marseillako igandeko erasoa; bi emakume hil ziren bertako tren-geltokian, sastakatuta.

Edouard Philippe lehen ministroak proiektuaren alde egin du; izan ere, haren iritziz, "lege ona da, formaz aldatzen den mehatxu baten aurkako baliabide juridikoak indartzen dituelako". Hala jaso du Le Monde egunkariak.

Larrialdi-egoera, 2015eko azarotik

240 lagun baino gehiago hil dira Frantzian 2015etik, Estatu Islamikoarekin bat egin duten edo talde horrek inspiratuta aritu diren lagunek egindako hainbat atentatutan.

Larrialdi-egoera dago ezarrita Frantzian 2015eko azarotik, Parisen izandako atentatu-sorta batean 130 lagun hil zituztenetik. Lege berriak lege-estatusa emango die larrialdi-botere horietako askori.

Barne Ministerioak eskumena izango du segurtasun-guneak ezartzeko, ez du epaile batek onartzearen zain egon beharko; pertsonen eta ibilgailuen mugimenduak mugatzeko aukera izango du, eta segurtasun-guneetan sarekadak egin ahalko ditu.

Halaber, Poliziak botere handiagoak izango ditu etxebizitza pribatuetan sarekadak egiteko, Justiziaren oniritzia izanez gero, eta mugimendu-murrizketak inposatu ahalko dituzte. Zaintza elektronikoko sistemak ere erabil ditzake, baldin eta zaindu beharrekoak segurtasun nazionalerako mehatxutzat jotzen badituzte.

Aurreikuspenen arabera, Parlamentuko batzorde bat arduratuko da Asanblea Nazionalak eta Senatuak aurkeztutako hainbat zuzenketa egiten, eta hilaren erdian, bigarren aldiz irakurri eta behin betiko bozketa egingo dute, Reuters albiste-agentziak jaso duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Paris azken albisteak Frantzia berriak Atentatuak argazkiak Estatu islamiarra berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Emmanuel Macron Frantziako Gobernua gaur