Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Las Vegasko hiltzaileak 12 arma moldatu zituen, automatiko bihurtzeko

AEBko agintarien esanetan, Stephen Paddock (64 urte) '9 eta 11 minutu bitartean' egon zen country musika jaialdiko kontzertuan bildutako 22.000 pertsonen aurka tiro egiten.

Hilketa Mandalay Bayren inguruetan izan zen. Argazkia: EFE
Hilketa Mandalay Bayren inguruetan izan zen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stephen Paddockek (64 urte), Las Vegasen 59 pertsona hil eta 500 baino gehiago zauritu dituen pertsonak, 12 arma moldatu zituen automatiko bihurtzeko, eta "9 eta 11 minutu bitartean" egon zen pertsonen aurka tiro egiten, Ameriketako Estatu Batuetako agintariek jakinarazi dutenez.

Kevin McMahill Las Vegas konderriko aguazilaren ondokoaren esanetan, agintariek oraindik ere argi-ilun asko dituzte tiroketaren inguruan, eta ez dakite zerk bultzatu zuen Stephen Paddock sarraskia egitera.

McMahillen esanetan, Paddock "9 eta 11 minutu bitartean" egon zen country musika jaialdiko kontzertuan bildutako 22.000 pertsonen aurka tiro egiten Mandalay Bay hoteleko logela batetik, eta bere buruaz beste egin zuen gero.

Paddockek 12 errifle automatiko moldatu zituen —kulatan dispositiboak jarriz— modu automatikoan tiro egiteko, denbora berean tiro gehiago egin ahal izateko, Jill Snyder AEBko ATF Alkoholaren, Tabakoaren eta Armen Bulegoko ordezkariaren arabera.

Snyderren hitzetan, guztira suzko 47 arma atzeman dituzte Mandalay Bay hoteleko gelan eta Paddocken bi etxebizitzatan. Erasotzaileak lau estatutan erosi omen zituen armak.

Estatu Islamikoak hilketa bere gain hartu badu ere, FBI Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalak baztertu egin du Paddockek atzerriko talde terroristekin loturarik izatea.

Bestalde, Donald Trump AEBko presidentea gaur joango da Las Vegasera (Nevada), bertako agintariekin eta biktimen senideekin elkartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Atentatuak Gaurko azken ordukoa