Mundua -

AEB

FBIk oraindik ez du argitu Las Vegasko sarraskia zerk eragin zuen

Ikertzaileen ustez, Paddocken bikotekideak argituko du agian zergatik egin zuen tiro milaka pertsonaren aurka, atentatua sakon prestatu eta gero.

Poliziak Mandalay Bay hotelaren inguruetan. Argazkia: EFE
Poliziak Mandalay Bay hotelaren inguruetan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FBIren ikertzaileek ez dute oraindik argitu zergatik bururatu zitzaion Stephen Paddock Las Vegasko sarraskiaren ustezko egileari atentatua prestatu eta country kontzertu batean zeuden milaka pertsonaren aurka 10 bat minutuz tiro egitea.

Agintarien ustean, Paddocken bikotekidea, Marilou Danley, oso inportantea izan daiteke gertatutakoa argitzeko, oraindik ez baitago batere argi zergatik egin zuen sarraskia.

Halere, Danleyk esan du ez duela sekula pentsatu halakorik egin zezakeenik. "Stephen Paddock gizon onbera, lasaia eta maitakorra zen", esan du, abokatuak irakurritako ohar baten bidez.

"Berak ez zidan inoiz ezer esan, eta ez zuen ezer egin, behintzat nik ez nuen ezeren ohartarazpen gisa ulertu, halakorik gerta zitekeela pentsatzeko", azaldu du emakumeak. Danley ikerketan laguntzeko prest agertu da.

Tiroketa izan zenean, Danley Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo zegoen, baina asteartean itzuli zen Los Angelesera, FBIrekin hitz egin aurretik.

Emakumeak asteazkenean esan zuenez, Filipinetara joan zen (hangoa da jatorriz) Paddockek hegaldi baterako txartela erosi ziolako, familiarekin egon zedin. Hara heldu eta gero, dirua bidali zion, etxe bat eros zezan.

"Nik eskerrak eman nizkion, baina, egia esan, kezkatuta nengoen, nirekin harremana eteteko modua ez ote zen; lehenengo, ezusteko bidaia, eta gero, dirua", gaineratu du.

Ondo prestatutako atentatua

Agintarien esanetan, Paddockek oso ondo prestatu zuen erasoa, Mandalay Bay Hotel eta Kasinoko suite batera armategi txiki bat eraman zuen, eta ondoren egin zuen erasoa.

Kamerak ere jarri zituen, polizien mugimenduak jarraitu ahal izateko, eta, indar berezien agenteak hurbildu zitzaizkionean, bere buruaz beste egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak