Mundua -

Etxe Zuria, 'prest'

NRAk armen osagarriak arautzea eskatu du, ezbehar gehiago saihesteko

Erriflearen Elkarte Nazionala beti agertu da armen erabilera arautzearen aurka, baina oraingo honetan Las Vegasen erasotzaileak erabilitako gailuen gaineko arauak berraztertzea eskatu du.

NRAren presidenteordea, Wayne Lapierre, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
NRAren presidenteordea, Wayne Lapierre, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fusil erdiautomatiko bat "erabat automatiko" bihurtzeko gailuen salmentaren gainean "araudia gehigarriak" onartzea eskatu du Erriflearen Elkarte Nazionalak (NRA), Las Vegaseko sarraskiaren ostean. Ezohiko keinu da NRAk egindakoa, "sarraski gehiago" saihesteko helburuarekin.

AEBko armen 'lobby' nagusiena beti agertu da armak eta munizioak izatea mugatzen duen edozein aldaketaren aurka, Konstituzio estatubatuarraren Bigarren Emendakinari helduta.

Oraingoan, NRAk penagarritzat jo du Las Vegasen erasoaren ostean "zenbait politikariren lehen erantzuna armen gaineko kontrola areagotzea" izatea. Horren ustean, "zoro baten ekintza kriminal" bategatik ezin dira lege berriak egin, baina Alkohola, Tabako, Su Armak eta Lehergailuen Agentziari Las Vegaseko tiratzaileak erabilitako gailuak lege federalen baitan ote dauden baieztatzea eskatu dio.

Horren ildotik, NRAren iritzian, "arau gehigarriak behar dira fusil erdiautomatikoak fusil erabat automatiko bihurtzen dituzten gailuen gainean". Erakundeak, gainera, aipatu du Barack Obamaren Gobernuak gailu horien salmenta baimendu zuela, "gutxienez bi alditan".

Momentura arte, Donald Trump egungo presidenteak ez du zehaztu horren inguruan aldaketarik sustatuko duen, Las Vegaseko sarraskiaren ondotik. Stephen Paddock erasotzaileak tiro egin zuen hotel baten leihotik eta 59 pertsona hil eta 500dik gora zauritu zituen.

Sarah Huckabee Etxe Zuriko bozeramaleak ziurtatu duenez, Gobernua "prest" dago NRAk aipatzen dituen protokoloak berraztertzeko. "Hurrengo egun eta asteotan egingo den elkarrizketan parte hartu nahi dugu", esan du, gehiagorik zehaztu gabe.

"Dudarik gabe, aztertu beharra dago", onartu du, bestalde, Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidenteak MSNBC telebista katean.

Kevin McCarthy Beheko Ganberako errepublikano nagusienetako batek ziurtatu du, Fox Newsen egindako elkarrizketa batean, beharrezkotzat jotzen duela arma baten ahalmena handitzen duen gailuen gaineko kontrola areagotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken orduko albistea