Mundua -

Alderdi Komunistaren Kongresua

2050ean 'nazio guztien artean Txina harro' bat agindu du Xi Jinpingek

Alderdi Komunistaren XIX. Kongresua inauguratu du Txinako presidenteak, eta hitzaldi triunfalista eman du.

Xi Jinping Txinako presidentea, Alderdi Komunistako ordezkarien txalo artean. Argazkia: EFE
Xi Jinping Txinako presidentea, Alderdi Komunistako ordezkarien txalo artean. Argazkia: EFE
Xi Jinping Txinako presidentea, Alderdi Komunistako ordezkarien txalo artean. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Komunistaren XIX. Kongresua inauguratu du gaur Xi Jinping Txinako presidenteak, eta hitzaldi triunfalista eman du. 2050ean “nazio guztien artean Txina harro” bat izango dela ziurtatu du, erregimena mantendu eta politiketan aurrera egiten baldin badute.

Alderdi Komunistako ia 2.300 ordezkariren aurrean, hitzaldi benetan luzea eman du Xik Herriaren Jauregian. Konferentziak hiru ordu eta erdiko iraupena izan du. 2012ko kongresutik egindako ibilbidea aztertu du buruzagiak. Xi Jinping idazkari nagusi izendatu zuten kongresu hartan.

Lehendabizi, bost urte horietako lorpenak azpimarratu ditu Xik. Agintariaren hitzetan, “atzerriko testuinguruak ez du batere lagundu, munduko ekonomiak suspertzeko indarrik ez zuelako”. Hala ere, Txina bigarren potentzia ekonomiko bezala sendotu dela azpimarratu du. Horrela, BPGk gora egin du nabarmen, 8 bilioi dolarretik 12ra.

Prestigioa, Taiwan eta ustelkeria

Bosturteko honetan Txinak espazioko lehian emandako aurrerapausoak gogorarazi ditu buruzagiak. Gainera, zenbait goi-bilera antolatzeak (G20, Asia Pazifiko Foroa, BRICS) Txinaren nazioarteko prestigioa areagotu duela azaldu du. Bestalde, 60 milioi pertsona baino gehiago pobreziatik atera dituztela esan du Xi Jinpingek.

“Taiwaneko independentzia nahi duten indar sezesionistak geldiarazi” dituztela adierazi du agintariak.

Ustelkeriaren aurkako borroka, bere Gobernuaren bandera nagusia ezin zen hitzaldian falta. Zentzu horretan, alderdiak goi-kargudunen “ohitura kaltegarrien” aurka borroka egin duela goraipatu du Xik. “Ezpata zorrotzaren” papera bete eta 1,4 milioi funtzionario ustel zigortu dituztela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Txina argazkiak Albisteak