Mundua -

Texaseko sarraskia

Aireko Indarrak ez zuen Texaseko hiltzailearen zigor-aurrekarien berri eman

Lau urte eman zituen Armadan eta kanporatu egin zuten emazteari eta semeari erasotzeagatik. Aurrekariak erregistroan sartu izan balituzte, ez zuen armak erosteko aukera izango.

Sutherland Springsen Texaseko historia osoko sarraskirik odoltsuena izan da. Aragzkia: EFE
Bi emakume, tiroketa izan zen elizaren inguruetan
Sutherland Springsen Texaseko historia osoko sarraskirik odoltsuena izan da. Aragzkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuetako Aireko Indarrak onartu egin du ez zuela Texaseko sarraskia egin zuen hiltzailearen zigor-aurrekarien berri eman. 26 pertsona hil zituen 26 urteko gazteak.

Texasen inoiz izan den sarraskirik odoltsuena egin zuen gizonak Devin Patrick Kelley zuen izena. Beltzez jantzita, arma eskuan eta balen aurkako txalekoa soinean, eliza batean sartu zen eta bertan zeudenen aurka tiro egin zuen.

Ann Stefanek Aireko Indarreko bozeramalearen esanetan, Kelley Armadako talde horretako kide izan zen 2010 eta 2014 bitartean. 2012an, gerra-epaiketa egin zioten emazteari bi aldiz eta bere semeari erasotzeagatik, zehaztu du bozeramaleak. Hori dela eta, kanporatu egin zuten jokaera desegokiagatik eta 12 hilabetez konfinatuta egotera zigortu zuten.

Halere, Aireko Indarraren hitzetan, informazio hori ez zuten Informazio Kriminalaren Zentro Nazionalean sartu. Legearen arabera, indarkeria matxistagatik edo etxeko indarkeriagatik zigorra jaso dutenek ezin dute armarik saldu ezta erosi ere.

Antza denez, familia barruko arazoak igandeko sarraskiko gakoetako bat izan ziren. Kelleyk Danielle Shieldsen (2014an ezkondu zen harekin) familiarekin eztabaidatu zuen eta egoerak okerrera egin zuen, zenbait funtzionarioen arabera.

"Etxeko egoera -berezi- bat eman zen familiaren eta aita-amaginarreben artean", Freeman Martin Segurtasun Publikoko Departamentuko bozeramalearen arabera. "Amaginarreba eliza horretara zihoan (…) Mehatxuak jaso zituen berarengandik", gaineratu du.

Elizatik irtetean, auzoko batekin topo egin eta horrek tiro egin zuen haren aurka, zaurituta. Kelleyk, orduan, auto batean sartu eta ihesera ekin zion, eta auzokoak beste auto bat geldiarazi zuen erasotzaileari jarraitzeko.

Orduan, autoan zegoela, Kelleyk bere aitari deitu zion, zaurituta zegoela eta seguruenera bizirik irtengo ez zela jakinarazteko, agintarien arabera. Ondoren, ibilgailuaren talka egin eta bere buruaz beste egin zuen, tiro eginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Atentatuak bideoak Albisteak